LAB Sindikatuak azaldu duenez, beraientzat Bilboko Udala da Bilbobuseko lanuzteek jarraitzearen erantzule nagusia, herritarrentzako kalitatezko zerbitzuaren alde egin beharko bailuke honek, lan-baldintzak eta ondorioz, zerbitzua bera, prekarizatzea ahalbidetu gabe.
Horrez gain, sindikatuaren ustetan udalak ez luke onartu beharko Bilbobusen enplegua suntsitzerik, zerbitzua kalitatezkoa izateko beharrezkoa den enplegua baino gutxiago sortzerik, Bilbobuseko langileek egin beharrekoak diren lanak azpikontratatzerik ezta langileen arrisku egoeretarako benetako konponbideak ez jartzerik.
LABen ustez tamalgarria da gatazka faltsuan ixtea ahalegindu izana eta langileen asanbladak guztiari konponbidea emango dion akordiorako konponbiderik jarri ez izana, horrela kalitatezko zerbitzua bermatuz, baldintza duinak izango dituena, modu seguruan eta prekarioa ez den enplegua sortuz. Hori dela eta, grebarekin aurrera jarraituko dute.
Bukatzeko, LABetik barkamena eskatu die egoerak kaltetu ditzakeen erabiltzaileei eta adierazi die langileak ez direla egoeraren erantzuleak.