Oposizioko alderdiek Udal Gobernuari Bilbobusen gatazkan inplikatzea eskatu diote

uriola.eus 2019ko urt. 10a, 11:36

EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbao udal taldeek datorren urtarrilaren 31ko udalbatzan eztabaidatuko den mozioa erregistratu dute, gatazkan dauden aldeen artean Mahai bat sortzea exijituz.

Hiru talde politikoek Udal gobernuari Bilbobusek lan gatazkaren konponbidean aktiboki inplikatzeko eskatzen dion mozioa erregistratu dute, Udala, Kontzesionaria eta Enpresa Komitea partehartzaile izango dituen Mahai negoziatzailea sortuz.

EH Bilduko zinegotzi den Bruno Zubizarretaren ustez, “onartezina da Gil jaunak gatazka honen aurrean beste alde batera begiratzea. Udalak ardura zuzena dauka, zerbitzua esleitzen duelako. Ezin dute arazo edo gatazka arrotzat hartu, zerbitzu publikoei buruz ari gara”.

“Udal baten arduren artean zerbitzu publikoetan lan baldintza duinak bermatzea aurkitzen da” gaineratu du Zubizarretak. Zentzu horretan, Alfonso Gil-i, Mugikortasun alorreko zinegotziari, gatazkan dauden alde ezberdin arteko negoziazio Mahaia martxan jartzeko eskatu dio, lan gatazka konpontzeko bidean.

Amaia Arenal, Udalberriko zinegotziak, gogoratu duenez “kontratu publikoa 32 milioi eurokoa da, eta bilbotarren egunerokotasunean eragin zuzena duen zerbitzu publikoa kudeatzea du helburu. Hortaz, udalaren ardura da enpresaren kudeaketa egokia ikuskatzea, eta horien artean, lan baldintza duinak bermatzea”.

Goazen Bilbao-ren partez, Francisco Samir Lahdou bozeramaileak Udal gobernuari agintaldi honetan eman diren lan gatazka guztietan “aurpegia ez ematea” eta “ezkutatzea” leporatu dio, kasuak kasu, OTA, edo Etxez-Etxeko Laguntza. Lahdouren ustez, jarrera hau “oinarrizko zerbitzu publikoak azpikontratatzearen ondorio zuzena da”.

Zentzu horretan, udal zerbitzu guztiak kudeaketa zuzena izatearen alde borrokan jarraituko dutela baieztatu du, “bilbotarrentzat zerbitzurik egokienak eta langileentzat lan baldintza duinak bermatuz”.