Itunpeko ikastetxeetako langileek hamar eguneko greba hasiko dute aste honetan

uriola.eus 2019ko urt. 14a, 10:04

EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako irakasleek lanuzteekin hasiko dira asteazken honetan. Grebarekin bi astez egongo dira, datorren ostiralera arte, otsailak 25. Hamar urtez berritu gabe dagoen lan-hitzarmena berritzea eta behin-behineko langileen lan-baldintzak hobetzea nahi dute.

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek greba egitera deitu dute Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan. Lanuzteak urtarrilaren 16tik 25era egingo dituzte, beraz, asteazken honetan hasiko dira.

Ikasturte honetako seigarren greba izango da.  215 ikastetxetako 120.000 ikasle eta 9.000 langilerengan izango du eragina, EAEko itunpeko sarearen % 70ean.

Lan-hitzarmena hamar urtez berritu gabe izan ostean, erosteko ahalmena berreskuratzeko negoziazioetan aurrera egitea aldarrikatzen dute langileek; sindikatuen datuen arabera, 2009tik % 12 behera egin baitu langileon erosteko ahalmena. Halaber, DBHko irakasleen soldatak hobetzea eskatzen dute; ziklo bakoitzeko soldata igoera ezberdina eskatzen baitute.

Gainera, behin-behineko langileen lan-baldintzak hobetzea nahi dute; esaterako, 0-3 urte arteko irakasleena, baita laguntza berezia ematen dutenena ere.