Aurreko urtean egin zen bezala, greba egiteko eta grebaren parte izateko hainbat modu egongo dira. Mugimendu Feministak lantoki eta ikasgeletan greba egitea eta herri eta hirietako mobilizazioetara joatea eskatu du. Horrez gain, zaintza lanak egiteari uztea eta, hori irudikatzeko, amantala balkoian eskegitzea gomendagarria dela azaldu dute.
Horrekin bat, Besoko morea eta txapa ipintzea, grebarekin bat egiten dela adierazteko eta eskualde edo arlo konkretu batean greba antolatzea eta zabaltzea ere eskatu dute. Joan den urtean eduki zuten arrakasta eta mobilizazio handiak errepikatu nahi dituzte.
Hori indartzeko, Lanaren Konfederazio Nazionala sindikatuak (CNT) martxoaren 8an sektore guztietan 24 orduko greba orokor feminista deituko du, eta beraz, estatuko edozein lurraldeko edonorrek greba egiteko legezko berme guztiak izango ditu.
2018ko martxoaren 8ko grebak emakumeen eskubideen defentsan milioika pertsona mobilizatu zituen eta, Bilbon ere horrela izan zen, egun osoan manifestazio jendetsuak egon ziren. Sindikatuak azaldu duenez, egunero emakumeek jasaten duten diskriminazioari aurre egin behar zaio, eta greba egiteko arrazoiak mantentzen dira.
Adierazi dutenez, gaur egungo legediak eta auzitegiek ez dute emakumeen eskubidea babesten gizonen lan baldintza berdinetan jarduteko. Gehiegikeriez betetako lan hitzarmenak, balio berdina duten jardueretan soldata bera jasotzea bermatzen duten tresna eraginkorrik ez izatea, sektore feminizatuetan hainbat lan gaixotasun ez aitortzea, jazarpena eta sexu-gehiegikeria… lan eremuan emakumeek bizi dituzten baldintzen adibide batzuk baino ez dira.