Asteburu biribila Bilbao Atletismoko neskentzat

uriola.eus 2019ko ots. 4a, 14:19

Argazkiak: Bilbao Atletismo Santutxu

Euskadiko kros txapelketan lehenengo sailkatu zen Bilboko taldea, eta Europakoan bigarren. 

Asteburua biribila izan da Bilbao Atletismo Santutxuko neskentzat. Bi hitzordu garrantzitsu zituen taldeak, Euskadiko eta Europako kros txapelketak, eta ez batean ez bestean ez zuten kale egin.

Euskadiko kros txapelketa Ordiziako Oiangu parkean ospatu zen. Emakumeek 7.640 metro egin behar zituzten lokatz artean. Zirkuitu gogorra zen eta eguraldiak ez zuen lagundu. Hala ere, ezerk ezin izan zuen Bilboko taldea kikildu, eta taldekako sailkapenean nagusitzea lortu zuten. Banakakoan, Bilbao Atletismoko Majida Maayouf izan zen garaile. Euskadiko txapelduna, ordea, Goierri Garaia taldeko Ainhoa Sanz izan zen, Maayoufek ez baitu lizentzia euskaldunik. Atzetik, Bilbao Atletismoko Natalia Gomezek eta Alcampo Scorpioko June Arbeok gurutzatu zuten helmuga.

Europako txapelketa Portugaleko Albufeiran izan zen. Thrias Gebre, Gema Martin, Tania Carretero, Irene Loizate, Elena Loyo eta Tere Urbina lehiatu ziren Bilbao Atletismorekin. Bosgarren urtez jarraian zilarrezko domina eskuratu zuten, Europako txapelketan zazpi podium jarraian lortzen dituen talde bakarra bihurtuz.

Ainhoa Sanz, Natalia Gomez eta June Arbeo Euskadiko kros txapelketako podiumean. (Argazkia: Bilbao Atletismo Santutxu)

Bilbao Atletismo Europako kros txapelketako podiumean. (Argazkia: Bilbao Atletismo Santutxu)