Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Nagusi (HAPN) berria tramitatzen hasiko dira

uriola.eus 2019ko ots. 5a, 10:18

Planaren oinarriak dira herritarren partaidetzarako asmo handiko programatik eratorritako planaren Aurrerapenean jaso ziren helburuak eta proposamenak.

Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Nagusi berria tramitatzeko egin beharreko urratsa da hau. Plan berri honekin, onartu osteko 15 urteko epean, gutxi gorabehera, Bilboren hirigintza arloko etorkizuneko ekimenak zuzendu behar dira. Hala, zenbait arlotan, Bilboren hiri antolamendurako gaur egungo eta geroko beharrizan zein eskariei erantzuna emango diete: hiriguneak berroneratzea eta berritzea; etxebizitza; ekonomia-jarduerak; naturaguneak; ekipamenduak; espazio libreak; mugikortasuna eta garraioa; hiriko zerbitzuak eta abar.

Plangintzarako Aholku Batzordeak gaurko bileran emandako irizpenaren ostean, tramitazioari jarraipena emango zaio:

  • Otsaileko udaleko Osoko Bilkuran hasierako onartzea erabakiko da.
  • Ondoren, jendaurrean jartzeko 45 eguneko epea egongo da.
  • 2020ko lehenengo hiruhilekoan behin-behineko onarpena emango zaio udalbatzarrean.
  • Dena aurreikusitakoaren arabera badoa, behin betiko onarpena 2020ko amaierako udalbatzar batean erabakiko da.

Plan berriaren edukia lan-prozesu luze eta konplexu baten emaitza da, gaur egungo egoeraren diagnostikoarekin hasitakoa eta proiektuaren prestakuntzarekin amaitua (hasierako onarpenari bidea emateko). Horretan, prozesu osoan bildutako jatorri askotariko zenbait proposamen, ekarpen, iradokizun eta abar jasota daude. Besteak beste, herritarrek parte hartzeko esparruan landutakoak agertzen dira, hau da, 2016ko eta 2017ko Aurrerapenen atarikoak.

Landutako hirigintza-eredua arlo honetako helburuak beste hainbatekin bateratzetik eta elkartzetik datoz, esate baterako: iraunkortasuna aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eta herritarren eskari zein beharrizanetarako erantzuna (adibide gisa Plan honetan genero arloko ikuspegia txertatzea). Izan ere, Bilbok hirigintza arloan dituen eskari eta beharrizanei erantzuna eman nahi zaie, gutxi gorabehera, 15 urteko epe baterako.

 

HIRI ANTOLAKETARAKO PLAN OROKORRA BERRIKUSTEKO AURRERAPENAREN PROPOSAMEN BATZUK

Hiri Antolaketarako Plan Orokorra Berrikusteko Aurrerapena oso agiri zabala da eta uriko auzo guztiak aipatzen dira, hainbat arlotan esku hartzeko aukerak emanez. Proposamen nagusiak definitzen dituzten helburuak honako hauek dira:

Lurzoru naturala mantentzea eta zaintzea, hura urbanizatzea edo itxura artifiziala ematea dakarten hirigintza arloko proposamenak zabaltzeko joera gutxituta.

  • 2.370 hektareako azalera daukan lurzorua ez-urbanizagarri gisa sailkatzea (%58,32).
  • 156 hektareako azalera duten eremu libre orokorreko multzoaren antolamendua. Horren zati handiena naturaguneak izango dira.
  • Gutxi gorabehera 1.045 hektareako azalera landa-eremuko parke publikoa izatera bideratuko da.
  • Eraztun Berdea Bilboren “ekosistema berde” gisa antolatzea, gutxi gorabehera 1.199 hektarearekin lurzoru ez-urbanizagarrian.
  • Pagasarri mendia eta haren ingurunea aparteko balio naturala daukan eremu gisa mantentzea eta iraunaraztea, 2008an onartutako Plan Berezia berretsita. Horrez gain, 100 hektarea gehiagorekin handitzea proposatzen da, guztira 780 hektareadun eremua osatu arte.

Hiriguneetako eskariei erantzuna ematea, baina naturaguneetara zabaltzeko joera gutxituta. Besteak beste, honako ondorioak dakartza:

  • Gaur egungo hiriguneen zati handi bat dauden bezala finkatzea.
  • 1995eko Plan Nagusian aurreikusitakoarekin bat, hirigunea berroneratzeko eta eraberritzeko prozesuekin jarraitzea. (Zorrotzaurre, Bolueta, Peñaskal, Abandoko geltokia, Olabeaga, Zorrotzako muturra, Elorrieta).

Hirigunean esku hartzeko eta garatzeko eredua auzo eta hirigune konplexu, ez-baztertzaile, seguru eta iraunkorrak lortzera zuzentzea, honako irizpide hauetan oinarrituta:

  • Erabilerak nahastea.
  • Hiri-erdigune edo/eta auzo deszentralizatuak sortzea eta sustatzea.
  • Hirigune ez-baztertzaile eta seguruen antolamendua.

Mugikortasun, garraio eta komunikazio iraunkorreko eredua ezartzea HMIPrekin (2015-2030 Bilboko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planarekin) bat etorrita.

Kanpo-konektibitateari lotutakoak:

Trenbideen alorrean:

  • Abiadura Handiko Trenbidea Abandoko geltokira heltzea.
  • Trenbideko Hegoaldeko saihesbidea salgai-trenak Zorrotzatik eta Olabeagatik ibili ez daitezen.

Errepideak

  • Autobus-geltoki berria (eraiki bidean gaur egun).
  • Bilboaldeko hegoalderako saihesbidearen bigarren fasea (Peñaskal-Beteluribidea).
  • Ekialdeko saihesbidearen amaiera (Miraflores-Ibarsusi).

Barruko mugikortasunari eta hiriko oztopoak kentzeari lotutakoak

  • Errekaldeko gaur egungo saihesbidea kentzea eta haren ordez hegoaldeko ordezko saihesbidea jartzea, bere ibilbide osoan lurpean.
  • Kadaguaren gaineko zubi berria, Bilboaldeko ardatzari jarraipena emateko.
  • Itsasadarraren gaineko zubi berria (Zorrotzaurre-Zorrotzako Muturra).
  • Oztopo urbanoak kentzea: FEVEko trenbidea lurperatzea Zorrotzan; RENFEko trenbidea lurperatzea Olabeagan eta Zorrotzako Muturrean; trenbide-pasaguneak kentzea eta abar.

Etxebizitza alorreko eskariei erantzuna ematea: guztira 14.638 etxebizitza inguru eskaintzea.

  • Kopuru horretatik, 9.300 etxebizitza aurreikusten dira oraingo planeamenduan (Zorrotzako Muturrean – izapidetzen ari da – Zorrotzaurren eta Boluetan), eta gainerako 4.700 etxebizitzak Aurrerapenak proposatzen ditu Elorrietan, Olabeagan, Abandoko geltokian, Ametzola-Errekalde-Iralan, batez ere.

Jarduera ekonomikoen eskariei erantzuna ematea guztira gutxi gorabehera 460.000 m²-ko eraikinak antolatzearen bitartez.

Ekipamenduen sistema antolatzea:

  • Bilboko ekipamendu handietarako lurzorua erreserbatzea: unibertsitarioak (Deustuko campusa handitzea; EHUko handiagotzeak; Mondragon Unibertsitatea); ludikoak eta kiroletakoak (igerilekuak itsasadarrean); Miraflores (Larreagaburu), eta abar.
  • -Oinarrizko ekipamenduak finkatzea: irakaskuntza (Zorrotzaurre, Zorrotzako Muturra …); osasuna (Iralabarri, Ametzola, Ibarrekolanda, Uribarri-Castaños, Zorrotzaurre); kirola (Uribarri-Zurbaran, Zorrotzaurre, Otxarkoaga-Txurdinaga, Abando) eta abar.

Eremu libreen sistema antolatzea:

  • Eremu libre orokorren sarea, gutxi gorabehera 310 hektareako guztirako azalerarekin. Dagokion batez bestekoa biztanleko 7,64 m²-koa da.
  • Landa-eremuko parke publiko handi bat antolatu eta Eraztun Berdean integratu, gutxi gorabehera 1.478 hektareako guztirako azalerarekin (hiri- eta natura-guneetan dauden aldeak barne).
  • Hiriko parke handiak handitzea.

Itsasadarra Bilbo egituratzen duen ardatz gisa sendotzea.

Intereseko kultura-ondarea identifikatzea eta iraunaraztea.

  • Eraikinak eta ingurumen alorreko guneak nahiz arkeologiako babes-eremuak barruan hartzen dituen Katalogoa prestatzea.
  • Gainera, lehendabizikoz, egurrezko begiratokiak babesteko irizpideak sartzen dira, haien konposizioaren balioak eta eraikuntzaren jatorrizko materialei dagozkienak iraunarazteko asmoz.