Hildako bat egon da Bilboko kaleetan 2018an

uriola.eus 2019ko ots. 7a, 10:33

Autoek 155 pertsona harrapatu dituzte azken urtean, gehienak 60 eta 79 urte bitartekoak.

Bilboko bide-segurtasunaren 2018ko balantzeak hildako bat utzi du. Guztira, 1.624 istripu izan dira udalerrian, 2017an baino 41 gehiago, eta horietatik 155 harrapaketak izan dira. 60 eta 79 adin tartekoak izan dira harrapatuenak, eta kasuen ia hiru laurdena gidariaren erantzukizuna izan da, oinezkoen pasabidea ez errespetatzeagatik, gehienbat.

Oro har, trafiko istripuetan 728 biktima egon dira, haietako 36 larriak, iaz baino gutxiago. Hala ere, kalte materialak eragin dituztenek gora egin dute. Istripuen kopuruak gorako joera zeraman 2014tik; 2017an tendentzia hautsi egin zen, baina 2018an gora egin du berriro. Lesionatuak eragindako istripuek, ordea, behera egin dute azken urtean, baita harrapatuen kopuruak ere. Hildakoen balantzea mantendu egin da azken bi urteetan.

Kausen artean, ohikoenak aparkatzerakoan maniobrak egiterakoan gertatutakoak dira, baina abiadura gehiegizkoagatik ia sei mila isun jarri ziren, eta 136 istriputan gidariek alkohol edota droga frogetan positibo eman zuten. Istripuetan tartean egon edo bide-segurtasunaren aurkako delituengatik atxilotutako %20 26 eta 30 urteen artekoak dira. Rekalde Zumarkalea eta Autonomia Kalea izan dira 2018an istripu gehien jaso dituztenetakoak.