Bilboko Udalak Hiriko Urrezko Domina emango dio barikuan, otsailak 15, Bizkaiko Erizanen Elkargoari, erakunde honek Bilboko gizartearen mesedetan egindako ehun urtetik gorako ibilbide profesional emankorraren aitorpenez. Bilboko Udalaren aintzespenik gorena emateko ekitaldiaren aurretik, berariazko Ezohiko Udalbatzarra egingo da, Hiriko Urrezko Domina Bizkaiko Erizainen Elkargoari emateko erabakia ontzat hartzeko.
Bilboko Udalak hogei bat Urrezko Domina banatu ditu azken lau hamarkadetan, zenbait erakundek eta pertsonak Bilboko gizartearen alde egindako lanaren aitorpenez. Deustuko Unibertsitatea, Erruki Etxea, Basurtuko Ospitalea, Arte Ederren Museoa, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa, Bilboko Cocherito Kluba, Bilboko Athletic Club, Merkataritza Eskola, Bilboko Merkataritza Ganbera, Bizkaiko Medikuen Elkargoa eta Euskaltzaindia dira Hiriko Urrezko Domina jaso duten erakundeetako batzuk.
Bizkaiko Erizanen Elkargoaren lehenengo aipamen dokumentala 1904koa da, praktikanteen eta erizainen karrerak arautu ziren urte berekoa. Izan ere, erizaintza praktikanteen, emagineen eta erizanen lanbideen arteko batura besterik ez da, horiexek izan baitziren, medikuekin, zirujauekin eta osasun arloko beste profesional batzuekin batera, mendez mende gaixoak artatu eta zaintzeaz arduratu zirenak.