Ernaik prekarietatearen aurkako manifestazioa antolatu du bihar

uriola.eus 2019ko ots. 15a, 13:43

Ernai antolakundeak prekarietateari aurre egitera deitu du larunbat honetan, otsailak 16. 17:30ean hasiko den manifestaldia Euskadi Plazatik abiatuko da, egoeraren erantzuletzat jotzen duten neoliberalismoaren sinbolotik, Iberdrola Dorretik, alegia. Mobilizazioa ekintza handiago baten parte da, kurtso hasieratik lantzen daramaten 'Euskal Herrian Bizi' dinamikarena, zehazki. Honek “prekarietatearen inguruko lanketa orokorra” egitea du helburu, Ernai Bilboko Marina Urkidik azaldu bezala.

Ernaik 'Oraina Borrokatzeko Koordenadak' argitara eman zituen kurtso hasieran, kanpotik ezarritakoak arbuiatu eta berriak sortzera dei eginez, prekarietateari “kolektiboki” helduz. Enplegu-baldintzetan ez ezik, prekarietatea gainerako esparru guztietan ere badagoela azpimarratu du Urkidik. Etxebizitzaren paradoxa nabarmendu du adibide bezala: “Bilbon 8.000 etxe huts baino gehiago ditugu, erdia 2016tik, eta gazteak emantzipatu ezinean gaude”. EAJren kudeaketa jomuga, kultura arloko erabakiak ere kritikatu ditu, jeltzaleei turistak lehenestea egotziz. Azken boladan antolatutako ekitaldiek prekarietatean “sakondu” baino ez dutela egin salatu du.

Hala, prekarietatearen mamuak mehatxatutako gazte guztiei luzatzen die larunbaterako gonbidapena Urkidik: “Prekarietatea modu batean edo bestean jasaten duen edozein gazteri dei egiten diogu mobilizazioan parte hartzera”.

Manifestaldia ez da, halere, larunbateko ekintza bakarra izango. Protestaren ostean aldarrikapenak 7Katu gaztetxean jarraituko du. Kaskagorriren laguntzarekin, gaztetxeak Orreaga, Worth It, 778 eta Herdoil taldeak bilduko ditu 20:00etatik aurrera.