Ehunka gazte bildu dira prekarietatea salatzeko Ernaik deituriko manifestazioan

uriola.eus 2019ko ots. 18a, 12:02

Prekarietatearen aurkako belaunaldia direla ohartarazi dute: “Euskal gazteriaren ahotsa entzun dadila. Entzun gaitzatela behingoz. Guk geuk antolatu eta borrokatzeko hautua egin dugu, gazte boterea eraikitzekoa”.

Milatik gora gaztek Bilboko kaleak hartu dituzte prekarietatea eta esplotazioa salatzeko. Euskal Herrian Bizi dinamikaren baitan antolatu du Ernai gazte antolakundeak mobilizazioa, eta prekarietatearen erantzuleak markatzeko ekimen ugari egin dituzte ibilbidean zehar. 

Langile klasearen aurkako prekarizazioan gazteek egoera okerrena pairatzen dutela salatu du Ernaik: “Otzan eta sumiso nahi gaituzte, esplotazio gordinenak langile eta herri sektore guztiak blaitu ditzan. Oraina borrokatzeko grina lapurtu nahi digute, etorkizuna haien neurrira eraikitzeko”. 

Alternatibak eraikitzeko deia 

Europatik eta Madrilek inposaturiko prekarietatearen aurrean alternatiba badagoela nabarmendu dute manifestazioaren deitzaileek, eta azken hilabete eta asteotako “borroka eredugarriak” gogora ekarri dituzte, tartean Huerta de Peralta, La Naval eta pentsionista eta feministen borrokak. Gaurko mobilizazioa ere borrokaren adibide gisa jarri dute: “Euskal gazteria lo dagoela esaten dutenek pentsa dezatela birritan esaten duten hori. Euskal gazteria kalean da, borrokan da, eta hala jarraituko dugu!”.