‘Mari Makeda’, ‘Konekta zaitez’ eta ‘Zorrozgoiti Amestuz’ proiektuek irabazi dituzte ‘Bilbao Balioen Hiria’ sariak

uriola.eus 2019ko ots. 19a, 09:58

Bakoitzari 4.000 euro egokitu zaizkio antzeko ekimenak garatzeko.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ‘Bilbao Balioen Hiria’ sariak banatu ditu gaur, arratsaldeko 19:00etan, Udaletxeko Arabiar Aretoan antolatutako ekitaldian. Irabazi-asmorik gabeko elkarteen kategorian Askabideren ‘Mari Makeda’ afrikar kulturan eta estetikan oinarritutako gizarteratze- eta laneratze-proiektua izan da garaile.  Ikastetxeen kategorian, Artagango Santa Mariaren ‘Konekta zaitez’ ikasleen eta irakasleen arteko harremanak sustatzea helburu dituen egitasmoak irabazi du. Hirugarren eta azken kategorian, entitate profesionalenean, IMQ IGURKOren ‘Zorrozgoiti amestuz’ gailendu da, Zorrotzako auzoan adinduen eta eragileen arteko harremanak eta parte hartzea bultzatzea helburu duen proiektua. Irabazle bakoitzak 4.000 euro jasoko ditu saritutako ekimenarekin zerikusia duten gaietarako.

Sariek Bilboko Balioen Agirian bildutako helburuak sustatzen dituzten elkarte eta kolektiboen lana aitortzen dute. Aurten, 59 proiektu aurkeztu dira: 39 elkarteen kategorian, 14 ikastetxeen kategorian eta 6 entitate profesionalen kategorian.

EH Bilduk sari banaketan parte hartzeari uko egin dio. Koalizioaren arabera, ekimena “Udalaren eta, bereziki, Alkatearen lana goratzea helburu duen marketing kanpaina baino ez da”. Sari banaketa biltzen duen “Balioen Hiria” proiektuaren lehen urratsetatik -iazko martxoan aurkeztu zen-, EH Bildu kontra agertu izan da. Aurkezpenaren Udalbatzean, Izaskun Guarrotxena zinegotziak “arazoak era filosofikoan ebaztea” egotzi zien ekimenaren sustatzaileei, “horientzat indikadore zehatzak” jarri eta bete beharrean. Orain, koalizioak hasierako helburuak ez direla bete salatu du, eta proiektua “porrota” izan dela azpimarratu dute.