Prebentzio-neurriak hartzen ari da egunotan ibaiak gainezka egin dezakeelako

uriola.eus 2019ko ots. 19a, 12:25

Bihartik aurrera marea biziak iragarrita daudenez, Bilboko Udala prebentzio-neurriak hartzen ari da ibaiak gainezka egiten badu ahalik eta endredorik txikienak eragiteko. Gogoratu behar da, uhartea egiteko arrazoietako bat hori ekiditzea zela, baina ez du inolako eraginik izan.

Aurreikusita dago marea bizien ur-laminak ibaiaren gehieneko altuera (4,85 metro) gainditzea. Marea biziak eta itsasgorak bat egiten dutenean –kasu guztietan goizaldean izango dira- itsasadarreko urak apur bat gainezka egin dezakeela aurreikusita dago Elorrietan, Zorrotzaurren eta Deustun, ibai ertzeko pasealekuetan.

Zehatz esateko, eguazten goizaldean itsasgora 4:59an izango da eta 4.94 metroko altuerara iritsiko da; eguenean, 5:42an, 5.03 metroko altuerarekin eta barikuan, otsailak 22, 6:24an, 4.97 metroko itsasgora izango da. Kontuan hartu behar da itsasgoraren mailan eragina dutela baita presio barometrikoak, publiometriak eta haizearen indarrak eta norabideak.

Egoera honen aurrean, Bilboko Udalak ibaiaren inguruan arretaz ibiltzeko eskatu du, eta kotxeak puntu horietatik aldentzea. Gainera, Bilboko Udaltzaingoak zaintza bereziko dispositiboa jarriko du ibaiaren inguruan, ikusita beharbada lekuren batzuetan urak gainezka egingo duela. Zirkulaziorako dispositiboa ere prest du, beharrezkoa izanez gero ibilgailuak beste leku batzuetatik bideratzeko eta zenbait sarbide ixteko.

Era berean, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak prebentzio-lanak egin ditu uriko hustubideetan eta estoldetan, urak arintzeko, ibaiak gainezka egiten badu; 4.000 zaku ere prest ditu lurrez beteak, Zorrotzaurreko ibarrean, Olabeagan eta Elorrietako bihurgunean jartzeko.