Euskaraldia

Koldo Narbaiza: "Bilbon euskaraz hitz egiteko ohitura dago, gero eta gehiago entzuten da"

uriola.eus 2019ko ots. 19a, 13:45

Legegintzaldia laster bukatuko da eta Koldo Narbaiza zinegotziak lau urte hauetan gertatu denaren balantzea egin du. Izan ere, epe honetan hainbat gertakizun izan ditugu Bilbon. Euskararen egoera, Euskara Aholku Batzordea, Euskaraldia edota Arkaitz Zarragaren kasuari buruz hitz egin du Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak.

2015ean hasi zen legegintzaldia bukatzear dago. Gobernu batzordea osotu zutenean 2015-2019 gobernu plana osotu zuten. Hamar ardatz zituen dokumentuak, eta, bederatzigarrenak "Bilbo euskalduna" zuen izena. Gobernu honek euskararen aldeko apostua egiteko intentzioa zeukan eta balantzea egiteko unea heldu da. 

Koldo Nabaizak azaldu duenez, euskararen egoera Bilbon gero eta hobeagoa da. Kaleetan entzuten dela argitu du zinegotziak, beste hizkuntzak bezala, eta Eusko Jaurlaritzak eskoletan egin duen lana goraipatu du: "Umeek euskara ikasi dute, eta erabiltzen dute. Lehen nagusiei entzuten eta hitz egiten genien, baina orain gazte guztiek dakite euskaraz, eta hori etorkizuna da."

Hala ere, Bilboko eukalgintzaren eskari historiko bat ez dute aurrera eraman. Euskal eragileek Bilbon euskararentzako udal ordenantzaren beharra dagoela dioten arren, Udal Gobernuak ez dator horrekin bat, eta proiektua alde batera uztea erabaki du. Narbaizak adierazi duenez: "Momentu honetan guk barrura begira gauede, gure etxe barrura, eta ordenantza hori aurrera ateratzeko unea ez dela uste dugu."

Zinegotizak azpimarratu duena Euskaraldia ariketa sozialak ekarri duen giro ona izan da. Bilbon egun horretan lortu denari eta egon den giroari gorazarre egin dio. Erakunde guztiak bat egin dutela helburu berdinarekin eta Bilbon sortu den lan sarea eta lantaldearen jarrera ere goraipatu egin ditu. "Orain Korrika dator, eta datorren urtean beste euskaraldi bat egongo da. Eguneroko lana da eta horrez gain udalak beste programa batzuk ditu euskara erabiltzeko eta gizarte bezala euskara erabiltzeko." argitu du zinegotziak.

Horrez gain, Arkaitz Zarragaren gaiaren inguruan ere mintzatu da. Koldo Narbaizaren ikuspegitik "ez da euskara erabiltzeagatik edo ez erabiltzeagatik gertatutako gai bat, txostenean zer pasatu zen azaltzen da, jaien barruan gertatutako arazoa da eta euskara erabiltzen dute beraien defentsarako. Nire ikuspegitik ez da euskararekin lotuta dagoen gai bat, ez dauka horrekin zer ikusirik."