Aldundiak Konpostegia berrituko du

uriola.eus 2019ko ots. 20a, 10:32

Hobekuntza hauen xedea da prozedura automatizatzea, merkatuan dauden teknikarik onenak erabilita, eta, aldi berean, sortutako produktuaren kalitatea bermatzen jarraitzea, gero errazago erabili eta merkaturatu ahal izateko.

Bizkaiko Foru Aldundiak Konpostegia berritzeko lanei ekingo die, konposta sortzeko epea murriztu ahal izateko eta, ondorioz, konposta egiteko instalazio honen produkzioa handitzeko. Konpostegian egingo diren lanak 3,7 milioi euroko aurrekontuarekin adjudikatu dira, eta 33 asteko epea ezarri da gauzatzeko. Lan horiei esker, "A" motako konposta lortu ahal izango da eta Sandach arauak beteko dira; horren ondorioz, etorkizunean, haragi eta arrain hondakinak sartu ahal izango dira biohondakinen gaikako bilketan, hala erabakitzen bada.

Proiektu hau instalazioaren etorkizuneko ahalmena, oraingoarekin alderatuta, % 40 handitzeko aukera emango duen diseinu modular berriaren lehen fasea da.

Helburu horiek lortzeko egingo diren lanen barruan, hormigoizko horma berriak egingo dira instalazioetako hiru nabeetan (hondakinak hartzeko nabea, konposta egiteko nabea eta finketa-nabea). Konpostaje-tunel berrien eta harrera, finketa, salmenta eta banaketarako biltegien hormak izango dira. Halaber, tunel horiek eta umotze-multzoei lotutako hodi berriak egingo dira; presiozko aire-sistemak jarriko dira, multzo horiek aireztatzeko, eta ureztatzeko kanalizazioak eta instalazioan dauden ekipo guztiak elikatzeko sistema elektriko berria instalatuko dira.