Kakitzat koordinatzaile antikapitalista “gizarte desmilitarizatu” baten alde manifestatu da gaur goizean, Bilboko Kuartel Militarraren aurrean -antzinako Gobernu Militarra-. Soldadutzaren garaian intsumisio kanpainan parte hartu zuten lagunetako batzuek NATOren, gastu militarraren igoeraren eta Bilboko Portutik esportatzen diren armen kontra, besteak beste, protestatu dute, “Hoy más que ayer militarismorik ez!” lelopean.
Duela 30 urteko otsailaren 20an, 57 gazte intsumiso estatuko hainbat Gobernu Militarretan aurkeztu ziren, eta haietako 11 presondegi militarretara bidali zituzten. Atxilotuetako hiru bizkaitarrak ziren, eta Mungiako kuartelera eraman zituzten. Horregatik aukeratu du Kakitzat elkarteak egun hau ekimena egiteko.
Intsumisioaren kanpaina hamabi urtez luzatu zen, 1989ko otsailetik nahitaezko soldadutza bertan behera utzi zen egunera arte, 2000. urteko abenduaren 31ra arte, alegia. Tarte horretan, estatuko 25.000 lagunek, haietako 12.000 Euskal Herrian, intsumiso deklaratu zuten euren burua; haietako 1.670ek kartzeletan edo presondegi militarretan bukatu zuten.