Emakumeek kirolean duten rola ikusaraziko da «Berdintasunerantz eskalatzen» biltzarrean

uriola.eus 2019ko ots. 27a, 10:20
II. Estatuko Biltzarra Emakumeak eta Kirolaren hasiera ekitaldia

Eztabaida eta gogoetarako bi jardunaldi izango dira Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitate publikoak antolatutako Emakumeak eta Kirola II. Biltzarrean.

Emakumeek kirolean duten rola ikusaraziko da «Berdintasunerantz eskalatzen» Emakumeak eta Kirola II. Biltzarrean. Gaur hasi da biltzarra, Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitate publikoak antolatua. Biltzarraren hasieran, topaketaren aurreko antolatzailea izan zen Valentziako Aldundiak pasatu die lekukoa Foru Aldundiari eta Euskal Herriko Unibertsitateari.

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak eta Nekane Balluerka EHUko errektoreak hasiera eman diete bi jardunaldioi, non aukera egongo den alo honetako aurrerapen eta zailtasunei buruzko eztabaida egiteko eta partaidetza zein berdintasunerako etorkizuneko erronken berri emateko.

Teresa Laespada diputatuak azpimarratu duenez, «egoera irauli egin behar dugu eta kirola erabili berdintasuna transmititzeko elementu gisa. Aukera eman diezaiegun gure neska-mutilei sozializazio bidezko eta zuzen bat izan dezaten, hala lortuko baitugu aurrera egitea berdintasunean. Berdintasuna ez da aukera bat. Justizia sozialeko eskubide unibertsal bat da.»

Bestalde, Lorea Bilbao diputatuak adierazi duenez, «kirol-sistema jakitun da erantzukizun sozial bat dauala eta errealidadean dagozan alde eta desbardintasunak gainditzen lagundu behar dauala.»  Horrez gainera, Bilbaok hau gehitu du: «kirola tresna garrantzitsu bihurtzen da gizartearentzat, genero- eta aukera-bardintasunaren alde eta haren zerbitzura dagoana».