Bilbo Hiria irratia 1997an sortu zen Bilbon Zenbat Gara elkartearen eskutik, FMaren 96.0an, nagusiki erdarazkoa zen dialean euskarazko ekarpena egiteko. Bilboko eta Bilborako euskal irrati bakarra da Bilbo Hiria, gizarte eta kultura gaietan zentratua, eta gure hiriko auzoetako bizitza soziala euskaraz islatzeaz gain, musika, literatura, zinea, bertsolaritza, irakaskuntza, haurren mundua, teknologia, ekonomia, sexologia, historia, ekologia eta zientzia dibulgazioa jorratzen ditu, besteak beste, bere saio ugarien bidez eta kolaboratzaile askoren ekarpenari esker.
Irabazi asmorik gabeko irratia da Bilbo Hiria, eta ekonomikoki ahalegin handia suposatzen du Zenbat Gararen ekosistema kolaboratiboan. Gure jardunerako lagungarri litzateke lizentzia edukitzea hainbat arrazoirengatik. Adibidez, gure FM irrati seinalea hobetu ahal izango genuke, indar eta kalitate handiagoz igorriz, eta diru-laguntzak jaso ahal izango genituzke irrati moduan, Eusko Jaurlaritzak berak lizentzia edukitzea eskatzen baitu horrelakoetara aurkeztu ahal izateko. Urterik urtera, lizentziarik gabe egoteak kaltetzen gaitu, eta 22 urte beteko ditugu laster.
2012ko otsailean Patxi Lópezen gobernuak, EAEn 34 lizentzia emateko lehiaketa deitu zuen, Eusko Jaurlaritza 26 urtez FMrako lizentziarik eman gabe egon ondoren. Orduan salatu genuenez, lehiaketa hura ez zegoen irrati txiki eta euskaldunen neurrira egina, irrati pribatu eta komertzialentzako egina zen. Beste hainbatek ere lehia desorekatua zela salatu zuten, ez zuela kontutan hartzen herri ekimeneko irrati ez komertzialik bere balorazio irizpideetan, eta gehienbat erdara hutsezko lizentziak banatzeko egina zela, euskara baztertzen zuela. Bestalde, deialdi hark egitasmo hutsak hartzen zituen kontuan lizentzia merezi zuten baloratzeko, ez zituen jada martxan zeuden irratiak eta erakutsitako ibilbideak ezertarako kontuan hartzen.
Hala ere, aurkeztu ginen lehiaketa tranpati horretara, ahalegin ekonomiko eta pertsonal handia eginez, egitasmo ekonomiko, tekniko eta profesional txukuna aurkeztuta… Eta ez ziguten lizentziarik eman, nahiago izan zuten egitasmo hutsak zirenei esleitu, inoiz gauzatuko diren ez dakigunak.
Bidegabekeria salaketak eta irregulartasunak tartean, Lópezen gobernu berak 2012ko abenduan erabaki zuen lehiaketa bera eta, ondorioz, hark ezarritako behin-behineko esleipenak bertan behera uztea.
Orduan pentsatu genuen Urkulluren Jaurlaritza berriak, luze gabe, zapuztutako lehiaketaren balorazioetan izandako irregulartasunak zuzendu edo lehiaketa haren ordez, ganorazko beste bat abiatuko zuela, hark ez bezala irabazi asmorik gabeko irrati komunitarioak aintzat hartuko zituena, egindako ibilbidea eta ekarpen soziala kontuan hartuko zituena… Baina pasatu dira beste bost urte eta, horren ordez, zapuztutako lehiaketa hartan ebatzi ziren lizentzia guztiak ontzat eman eta behin betiko esleitzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, beraz, bidegabekeria hari oniritzia ematea.
Gauzak horrela, epe laburrean Bilbo Hiria irratiaren jarraipena kolokan dago, lizentziarik gabe, eta FMaren 96.0an ganorazko seinale bat hedatzeko gero eta zailtasun handiagoekin, lizentziadun erdal irrati indartsuen artean estututa.
Bilboko euskaldunok badakigu Bilbo Hiria Irratiak merezi eta behar duela lizentzia. Beraz, Eusko Jaurlaritzari galdera zuzena egin behar diogu: noiz emango diozue behingoz Bilbo Hiriari dagokiona?
Eman bidea eskubideari! Lizentzia orain!
Idatzi hau sinatzen dugu Bilbo Hiriaren honako saiogile eta kolaboratzaileok. Zure atxikimendua gehitu nahi izanez gero, idatzi iruzkin bat hementxe bertan, edo mezua bidali lizentziaorain@bilbohiria.eus helbidera zure izen-abizena(k) eta lanbidea idatzita:
Ane Zabala, Txuma Murugarren, Ula Iruretagoiena, Eleder Aurtenetxe, Ana I Morales, Erlantz Ibargurengoitia, Amaia Urrejola, Hektor Ortega, Rafa Rueda, Galder Perez, Pedro Elias Igartua, Davide Cavaleiro, Endika Alabort Amundarain, Joseba Barandiaran, Xamar,Mikel Oribe, Jon Bernat Zubiri, Iñaki Barcena, Gotzon Barandiaran, Jabi Zabala, Josu Zabala, Xabier Monasterio, Prest Aldizkaria, Bilboko Uriola, Arrosa Sarea.