Ehunka kazetari eta eragilek ARGIAko Lander Arbelaitzen kontrako epaiketa gaitzetsi dute

uriola.eus 2019ko mar. 15a, 11:58

Kazetariak bi agentek herritar baten hizkuntza eskubideak nola urratu zituzten grabatu zuen, eta salatu egin dute, irainak egotzita. Bilboko Uriolak kexarekin bat egiten du: #KazetaritzaEzDaDelitua". 

Lander Arbelaitz ARGIAko kazetariak martxoaren 20an deklaratu beharko du Donostiako epaitegian, bi ertzainei egindako irainak egotzita. Arbelaitzek agente horiek herritar baten hizkuntza eskubideak urratzen grabatu zituen, eta bideoa hedatu zuen, jazotako egoera salatzeko. Datorren asteazkenean, epaileak epaiketa egingo den ala ez ebatziko du.

300 kazetari eta eragile inguruk babesa adierazi diote Arbelaitzi, eta epaiketarik ez egiteko eskatu dute, haien artean Uriolak. ARGIAk martxoaren 20an epaitegi aurrean kontzentratzera deitu du, 11:30ean -Arbelaitz 11:50ean sartuko da deklaratzera-. Helbide honen bitartez bat egin daiteke gaitzespenarekin: argiak100urte@argia.eus