uriola.eus

Bilbao-Bilbao Nazioarteko Martxa Zikloturistaren 31. edizioa igandean egingo da

  Kirolak  Bilbo

Irteera Deustuko zubian izango da eta helmuga Kale Nagusian. Bilbobus eta Bizkaibuseko linea batzuen ibilbideak aldatuko dituzte.

Bilbao-Bilbao 2019 Nazioarteko Martxa Zikloturistaren 31. edizioa domekan egingo da, martxoak 24, eta, horren ondorioz, Bizkaiko uriburiko erdialdeko kale batzuk itxi eta beste batzuetan zirkulazioa murriztuko da.

Kale hauek zarratuko dira: Recalde zumarkalea, Moyua plaza, Deustuko zubia, Orixe kalea eta On Diego Lopez Harokoaren Kale Nagusia. Udaltzainak eta antolaketako langileak bertan egongo dira une oro.

06:45etik 10:00etara, gutxi gorabehera, Deustuko zubia zarratuko da, bertatik abiatuko baita martxa. 08:00etatik 09:15era, gutxi gorabehera, Orixe kalea une zehatzetan itxiko da. Udaltzainek edo/eta antolaketako langileek arautuko dituzte garajeetako sarrera irteerak.

Gero, 11:45ak eta 14:30ak bitartean, Recalde zumarkalea itxiko da, Salbe zubia eta Moyua plazaren artean. Ordutegi berean zarratuko da Moyua plaza, Gobernuaren Ordezkariordetzako eraikinaren eta Elcano kalearen artean (plazako hegoaldean).

Recalde zumarkaleko garajeetako sarrera-irteerak, Plaza Biribiletik gertuen dagoen inguruan, Albia Lorategietatik egingo da. Jesusen Bihotza plazatik gertuen daudenak, Euskadi plazatik sartuko dira.

Azkenik, probak gutxi gorabehera 09:30etik 15:30etara iraungo duela kontuan hartuta, On Diego Lopez Harokoaren Kale Nagusia itxi egingo da, helmuga Moyua plaza eta Urkixo zumarkalearen artean jarriko baita.

Gainera, Bilbobus eta Bizkaibuseko linea batzuek ibilbidea aldatuko dute, proba egiten den bitartean. Bilbobuseko aldaketen informazioa www.bilbao.eus webgunean eta markesinetan ikus daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa