Suhiltzaileek euren egoera salatu dute Udaletxearen aurrean, beste behin

uriola.eus 2019ko mar. 28a, 12:48

Iturria: Asier Robles

Hileko azken ostegunean ospatzen den osoko bilkura aprobetxatuz, prekarietatea eta langile eta planifikazio falta kritikatu dituzte.

Suhiltzaileak Udaletxearen aurrean bildu dira lan-prekarietatea salatzeko, eta ez da lehenengo aldia. Hileko azken osteguneroko osoko bilkura ospatu da gaur, eta suhiltzaileak, 'Interinitate altua prekarietatea da' eta 'Lanpostuak egonkortu' mezudun pankartak zituztela agertu zaizkie ordezkari politikoei. Suhiltzaileen aburuz, egoera "jasangaitza" bihurtu da.

Protestarekin batera, langileen aldarrikapenak biltzen dituen idatzia zabaldu dute. Aldarrikapenok bitartekotasun tasa eta pertsonal falta dute jomuga, Jon Andoni Herraiz eta Ander Iturriaga suhiltzaileen ordezakariek azaldu bezala: bitartekotasun tasa "%50ren bueltan dago" eta, ondorioz, gauzatu ez den "EPEren inguruko planifikazioa" eskatu zioten Udalari. Temati jarraitzen dute, ordea, "dauden lanpostuak langile finkoz betetzeko" eskariarekin. Bestalde, guardietan behar diren 31 langiletik behera egon ohi direla nabarmendu dute, "oinarrizkoa den zerbitzu honen kudeaketa egokia arriskuan jarriz".