uriola.eus

Kerman Lejarraga: “Bilbao Arena hankaz gora jarriko dugu”

  Kirolak  Bilbo

Morgako errebolberra Europako txapela; edo kasu honetan, gerrikoa mantentzeko borrokatuko da bihar Bilbao Arenan David Avanesyan errusiarraren kontra. Sarrera bakar batzuk geratzen dira salgai eta aparteko giroa egotea espero da.

Nola hasi zinen boxeoan?
Durangon judoa egiten hasi nintzen, gero Zornotzara joan nintzen Kickboxing egitera eta, azkenean, osabak boxeoan saiatzea proposatu zidan. Kuadrillako batek Txutxi del Valle aurkeztu zidan (gaur egungo entrenatzailea) eta berarekin hasi nintzen entrenatzen.
 
ETBko ‘Boxeo izarrak’ saioa ikusten zenuen?
Ez, txikitan ez zitzaidan boxeoa gustatzen.
 
Noiz ikusi zenuen profesionaltasunera iritsi zintezela?
19 edo 20 urte nituela, Txutxik esan zidan horrela jarraituz gero, profesional mailara pasatuko ninduela. Ikasketarik ez daukadanez, boxeotik bizitzen saiatzea ideia ona iruditu zitzaidan eta 21 urterekin egin nuen salto profesionaltasunera.
 
Euskal Herrian boxeo zaletasun handia egon da, zer dela eta piztu da berriro?
Andoni Gago izan da ‘errudun’ nagusia. Bere atzetik beste guztiok joan gara: Jon Miguez, Saúl Luna, Ieltxu Lahuerta... Jende asko dago orain. Txutxik eta Eusebiok ere lan handia egin dute, boxeo jaialdiak antolatuz, adibidez.
 
Zer sentitzen duzu BEC edo Bilbao Arena beteta ikusten duzunean eta egun bakarrean 6.000 sarrera saltzen dituzunean?
Zirrara handia. Gogor entrenatzeko eta borroka entretenigarriak egiten jarraitzeko motibazioa da aretoak jendez topera ikustea.
 
San Mames beteko zenuke?
San Mames betetzeko 6.000 pertsona baino gehiago behar dira. Gure hurrengo helmuga Bilbao Arena betetzea da, martxoaren 30ean izango den Europako txapelketan.
 

27 burrukatik guztiak irabazi dituzu, eta 22 KO-z. Garaiezina zara?
Ez, ni ez naiz garaiezina. Garaiezinak Myweather, Rocky Marciano eta Joe Calzaghe dira. Ni egunen batean eroriko naiz, jende guztia erortzen den bezala, eta erortzean berriz altxatuko naiz.
 
Zer gertatuko litzateke kasu horretan?
Zer egingo duzu, ba? Altxatu, borrokaldi gehiago egin eta jendeari erakutsi aurrera jarraitzen duzula.
 
Amerikako Estatu Batuetara itzuliko zara?
Soilik titulu bat borrokatzeko bada, bestela ez. Egonda nago eta bidaia oso nekeza da: jet-laga, pisua jaitsi behar izatea... Estatu Batuetara baldin banoa titulu batengatik izango da, ez borroka soil batengatik.
 
Zer daukazu orain buruan?
Europako Txapelketa, martxoaren 30ean.
 
Txapelketaren eguna bai, baina aurkaria oraindik ez dago zehaztuta, boxeolaririk duzu buruan?
Izen batzuk daude airean, Dimitry Mikhaylenko Errusiarra, adibidez. Tipo gogorra eta oso indartsua da, beti aurrera doa. Borrokaldi handiaizango da.
 
Munduko Txapelketa irabazteko gai ikusten duzu zure burua?
Hori ezin dut nik esan, baina saiatuko naizela bai. Entrenamenduen ostean eta esperientzia hartuta ikusiko dugu.
 
Noiz egongo zara prest horretarako?
Ni prest egongo naiz deitzen didatenerako.
 
Andoni Gago eta zu belada berean borrokatzen zareten bakoitzean biok irabazi izan duzue. Martxoaren 30ean berdina gertatuko da?

Biok saiatuko gara Bilbao Arena hankaz gora jartzen. Espektakulu itzela izango da, borroka onak egongo dira, eta titulu bat baino gehiago seguraski ere bai.

Nola prestatzen duzu borrokaldi bat?
Hiru hilabeteko prestakuntza izaten da. Astelehen, asteazken eta ostiraletan hiru entrenamendu saio egiten ditut egunean. Goizeko 06:00etan korrika egitera joaten naiz, gero gimnasiora etorri boxeora eta arratsaldez fisikoa egiten dut Faduran (Getxo). Astearte eta ostegunetan korrika egiten dut goizez eta sparningak arratsaldez. Larunbatetan sparningak edo korrika, astearen arabera. Hiru hilabetez egoten naiz horrela, eta, noski, hau guztia dieta zainduz pisua jaisteko.
 
Eta burua zelan prestatzen duzu?
Txutxirekin eta Iker Jauregi entrenatzaile fisikoarekin aurkarien borrokak ikusten ditut eta jokaldiak prestatzen ditugu.
 
Nola prestatzen duzu ringera igotzeko ‘show’a?
Ez dut prestatzen, tontakeria bat da: ringera igo eta listo.
 
Nola sortu zen MampoGym gimnasioa?
Txutxik boxeo gimnasio bat zeukan Zorrotzaurren. Gero eta boxeolari gehiago izaten hasi zenean lokal hau alokatu zuen, profesionaletara igotzeko aukera izan gaitezen.
 
Edonor entrenatu daiteke hemen?
Bai, ateak edonorentzako daude irekita.
 
Edonork sparringak izan ditzake?
Hori ez. Amateur zein profesionalek izan ditzakete sparringak, baina kontu handiz egin behar da, segurua izan arren, arazoak sor ditzaketelako. Niri adibidez Errusiatik, Ingalaterratik, Irlandatik edota Amerikako Estatu Batuetatik ekartzen dizkidate sparringak. Arriskutsua izan daiteke esperientziarik ez izanez gero.
 
Gazteak animatuko zenituzke boxeoan aritzera?
Bai. Gazteak hona hurbiltzera animatuko nituzke, entrenatzera, boxeo jaialdietara joatera...
 
 
“30 urterekin boxeotik erretiratuta egon nahi dut”
 

Idolo edo erreferenterik?
Boxeo munduan Andoni Gago, Ruben Nieto eta Chato Benitez. Boxeotik kanpo Julen Guerrero zen nire txikitako idoloa.
 
Eskuratu duzun titulurik berezia?
Europako txapelduna izatea.
 
Nora iristea gustatuko litzaizuke?

Diru-boltsa handi bat lortzean negozio bat irekitzea gustatuko litzaidake. 30 urterekin boxeotik erretiratuta egon nahi dut. Alaba bat daukat eta ez dut disfrutatzen, ez dut ikusten zelan hazten ari den, eguna entrenamenduan edo deskantsuan ematen dudalako. 30 urterekin beste seme edo alaba bat izan nahi dut eta berarekin disfrutatzeko aukera izan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa