Iberdrola enpresak Akziodunen Batzar Nagusia ospatu du gaur, martxoak 29, Euskalduna Jauregian. Ekitaldia 11:30ean hasi da, baina, 10:00etatik, haren kontra manifestatzeko helburua zuten hamarnaka lagun bildu dira eraikinaren aurrean. Ekologistak Martxan erakundeak 'Euskal Herriak Kapitalari Planto!' ekimenaren harira deitutako protestak, 'Zuen aberastasuna, gure miseria!' lelopean, Iberdrolaren "sarraskiak" salatzea izan du helburu, LAB Sindikatuko Ekintza Sozialeko Urtzi Ostolozagak azaldu bezala.
Ostolozagak Akziodunen Batzar Nagusia euren burua "zuritzeko" erabiltzea egotzi dio Iberdrolari, eta, horretarako "beste udaberri batez espazio publikoa hartu" izana aurpegiratu dio. LABeko kideak nabarmendu duenez, enpresak, "monopolioa izanda, oinarrizko zerbitzu bat gero eta garestiagoa jartzen du, jendartearen zati handi bat pobreziara kondenatuz".
Elkarretaratzeak instituzio publikoak ere izan ditu jomuga. Enpresari "alfonbra gorri bat jarri" diotela nabarmendu du Ostolozagak, eta Eusko Jaurlaritzak pobrezia energetikoa garaitzeko hartutako erabakiei "hutsak" iritzi die. Bestalde, halako ekimenen sustapenaren eta komertzio libreko tratatuen arteko lotura azpimarratu nahi izan du, hauek ere administrazioak onartuak, "jendearen kalterako": Iberdrola bezalako "transnazionalek eskuak libre dituzte" eta, tratuoi esker, "gero eta demokrazia urriagora kondenatzen gaituzte".