Etapa berrirako “helburu argi bat” finkatu du Gure Eskuk, igande eguerdian Bilboko Euskalduna Jauregian egin duen ekitaldian: “Gure etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea posible egitea”. Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu bozeramaile berriek azaldu dituzte dinamikak datozen hilabeteetarako mahai-gaineratu dituen erronkak.
“Erreferendum bidez erabakitzea lortzeko herri ekimen bat sustatuko dugu. Herritarrok erabakiko dugula, eta erabakitzen duguna errespetatuko dela bermatuko duen herri ekimena eraikitzera goaz” —azaldu dute bozeramaileek— “ziur gaude gehiengo sozial zabal batek pentsatzen duela komunitate baten etorkizun politikoa hura osatzen duten herritarren esku egon behar dela”.
Zentzu horretan, Alvarez eta Etxaburuk adierazi dute Gure Eskuk sustatuko duen egitasmoa “erronka kolektiboa” izan beharko dela. Honenbestez, “alor guztietako eragileekin” partekatuko dute, eta herriz-herri, “mota guztietako herritarren konplizitatea eta konpromisoa” lortzen saiatuko dira.
Gure Eskuk azaldu duenez, “denen artean” emango diote forma ekimenari, “denon topaleku” izan dadin. Edonola ere, dinamikak aurreratu du Euskal Herri osoko herri ekimen bat izan nahi duela, euskal lurralde guztietan zabalduko dena, alegia. Lurraldeen arabera, hori bai, ekimenak nortasun eta garapen propioak izango ditu.
Ekimen “parte hartzailea, dinamikoa, masiboa eta bizia” izango da. Eta herritar guztiei irekia, “erabakitzeko eskubidea herritarron %100ari dagokigulako”. Herritar guztiei gonbita egin diete: “Elkarrekin bizi gara, elkarrekin erabakiko dugu, edozein dela bakoitzaren sorterria edo ama hizkuntza. Elkarrekin erabakiz, libreago izango baikara”.