Mutualiak Bilboko Henao kalean du bere egoitza. Sarreran, enpresaren logoarekin bat, 'Hemen euskaraz' kartela ikusten da. Ignacio Lekunberrik azaldu digunez, aspaldiko kontua da hori. Orain dela hamar urte ekin zioten bide honi, euskara taldea sortuz eta oraindik aurrera jarraitzeko gogoarekin daude. Euskaraldia heldu zenean, argitu digunez, taldea indartu zuten dinamizatzaile postu berri bat sortuz.
Lehenengo unetik, begi onez ikusi zuten dinamika eta berarekin bat egin zuten. Ignaciok, Bilboko hamaikakoan sartzea erabaki zuen "urduri egon nintzen hamaika egun horietan. Batez ere, enpresan eta bileretan rola mantentzea zaila izan zen niretzat, baina inoiz baino euskara gehiago entzun zen egun horietan Mutualiako txoko guztietan.
Argitu duenez, gaur egun joera hori behera egin duen arren, orain Euskaraldia heldu aurretik baino euskara gehiago entzuten da enpresan. Bide horretan jarraitu nahi dute, eta euskara klaseak ematen jarraitzen dute, Mutualian bertan. Datorren Euskaraldia enpresak izango ditu jo mugan, eta mutualia dinamika horretan sartzeko prestatzen ari da.
Ignaciok adierazi duenez "Merezi du euskararen alde apostua egitea, eta beste enpresei animatzen diet berdina egiteko. Gure erronka bezeroei euskaraz atenditzea da, eta hori lortu arte jarraituko dugu. Argi daukagu Euskal Herrian gaudela eta gure zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzeko gai izan behar garela."