Aitziber Ibaibarriagaren lekukoa hartuko du Jone Goirizelaiak. Bilboko abokatuak esperientzia handia dauka goi mailako politikan. Izan ere, 15 urte baino gehiago eman ditu Eusko Legebiltzarreko kidea izaten. Urte batzuk politikatik at pasa ostean (azkenengo urteetan Iñigo Cabacasen familiaren abokatua izan da) lehenengo lerroko politikara bueltatzea erabaki zuen 2016an; eta orain udal politikara egingo du salto.
EH Bilduko kideek horrela erabaki zuten alderdiak egindako barne hauteskundeetan. Beraz, Doña Kasilda parkean haurtzaroa pasa zuen umea Bilboko alkatea izaten saiatuko da. Adierazi duenez, Indautxun pasa zituen bere lehenengo urteak, ahateen parkeari bizikletekin bueltak ematen eta Artxandako parkean patinekin jolasten.
Gaur egun, berriz, Alde Zaharra eta Plaza Berria dira bere toki gogokoenak. Bertan, Cafe Bilbao edota Victor tarbena mitikoetako bezeroa da. Horrez gain, noizean behin Uribitarteko kaia berritik ibilalditxo bat ematea ere atsegin du. Azaldu digunez, ez du telebista eta bertan ematen dituzten telesaialak atsegin, nahiago du erlaxatzen laguntzen dion liburu on bat.
Bilbotarra izateaz gain, Athleticeko bazkide konpromisarioa ere bada. Gaur egungo Athleticek duen emakumezko saila sortzen eta hura bultzatzen ibili da taldea sortu zenetik. Beste zaletasunen artean, dantza aipatu behar da. Askotan adierazi duenez, lagunekin dantzara joaten da aste guztietan; Andra Mari egunean publikoaren aurrean Jai Alai Dantza taldearekin bere doaiak aurkezteko prest azaldu da.
Aste Nagusian etxera bueltan datorren bilbotarra da Jone. Erraldoien eta buru-handien kalejirara beti animatzen dena. Txikitatik joan da kalejiraz gozatzera eta orain bilobekin partekatzen du zaletasuna. Berarentzat Bilboko alkatea izatea da gauzarik onena, eta xede horrekin aurkeztuko da maiatzaren 26ko hauteskundeetara.