Ekitaldia Bilboko Udalaren Arabiar Aretoan egin da, eta Juan Mari Aburto alkatea izan da buru, Oihane Agirregoitia Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia eta udal korporazioko beste kide batzuk lagun zituela.
Aburto alkateak zorionak eman dizkie taldeko jokalariei, teknikariei eta zuzendariei, joan den domekan eskuratutako tituluarengatik, ez kirolaren ikuspegitik duen balioagatik bakarrik, baita ere pertsona guztientzako aukera-berdintasunaren ikuspegitik duen balioagatik. Alkateak nabarmendu du, horrez gain, Bilbo harro egoteko moduan dagoela BSR Bidaideak taldearen balioak dauzkan talde batek ordezkatzen duelako.
Gurpil-aulkiarekiko saskibaloiko EuroLigako azken fasea joan den asteburuan jokatu da Sheffield-en (Britainia Handia), eta Bilboko taldeak bere lehen europar titulua eskuratu zuen han, Turkiako Besiktas finalean garaitu ostean.
Gurpil-aulkiarekiko saskibaloiko Bilboko klub hau 1992an sortu zen, garai hartan Bilboko klub batean mahai-tenisean aritzen zen pertsona talde baten ekimenez. Bestalde, 2013/2014 denboraldian, erakundearen zuzendaritzak akordio bat lortu zuen desgaitasunen bat zuten pertsonen Bidaideak elkartearekin, eta bera da harrezkero Bidaideak Bilbao BSR klubaren gerentziaren eta koordinazioaren ardura duena.