Popularrek ere beste hautagai bat aurkeztuko dute hauteskunde hauetan. Luis Egiluzek bere tokia utziko dio alderdiko Lehendakariari. Izan ere, Raquel González bilbotarra 2017ko ekainean Bizkaiko Alderdi Popularreko presidentea bihurtu zen.
Bilbon jaioa, La Salve inguruan eman zituen bere lehenengo urteak. Hortik, Txurdinaga auzora pasatu zen bere familia. Bertan, bere nerabezaroa pasa zuen, auzoko Jaiotza Skaut taldean parte hartzen eta bere ikasketak bukatzen. Ondoren, Deustuko Unibertsitatean osotu zituen bere ikasketak. Urte horietan, familia Bilbo utzi eta Getxora bizitzera joatea erabaki zuen.
Han zeudela, hasi zuen Raquelek bere ibilbidea politikagintzan, Euskadiko Alderdi Popularrean hain zuzen. 2005. urtean Getxoko zinegotzia izendatu zuten. Bertatik, herri horretako auzokideen esanetara jardun zuen, urterik urte. 2015ean, berriz, alderdiaren Idazkaritza zuzentzen hasi zen Getxotik. Bi urte geroago, 2017ko ekainean, Bizkaiko Alderdi Popularreko presidente hautatu zuten.
Politikagintzak libre uzten dituen une apur horietan bere familiarekin eta umeekin pasatzen ditu. Beraiekin, familia guztietan bezala, zaila izaten da kalean parkeetatik eta telebistan marrazki bizidunetatik aldentzea. Hala ere, kanpoan afaltzeko edo ardo on bat edateko aukera daukatenean ez dute galtzen.
Horrez gain, Aste Nagusian Bilbon egotea behar-beharrezkoa da berarentzat. Batez ere iluntzean, su artifizialen orduan. Egunero ikusten dituela aitortzen du Raquelek. Hiriak egiten duen bezala, berak ere agenda gelditzen du une horretan ikuskizunaz gozatzeko. Nongoak eta zelakoak diren aztertzen dituela ere argitu du.
Urtean zehar, Bilbao Basketen jarraitzailea dela argitu du. Saskibaloia futbola baino gehiago gustuko du eta azkenengo partidu hauetan taldea lehenego mailara itzultzeko, zaleei babesa eskatu die. Athleticek zer egiten duen jakinaren gainean dago, baina ez da oso futbol zalea. Hala ere, Atlheticek emakumezkoekin daukan jarrerari gorazarre egin dio eta emakumezkoen partidan egon zela aitortu du.
Bukatzeko, Andra Mari egunean dantzatzeko prest agertu da. Gaztetan, ikastetxean euskal dantzak ikasi zituela aitortu du, eta ikasketa horiek berreskuratzeko prest dagoela argitu digu, Begoñaren aurrean bere doaiak plazaratzeko-