Jeltzaleen zerrendaburua Juan Mari Aburto izango da berriro. Lau urte hauetan Bilboko alkatea izan dena beste lau urtez agintean jarraitzeko aurkeztuko da. Bizkaiko Foru Aldundian eta Eusko Legebiltzarrean lanean egon ostean 2015ean Aresoren lekua hartu zuen. Bere proiektuan jarraitzeko eta sakontzeko gogoarekin berriro aurkeztuko da.
Bilbon jaioa, gaur egun Hotel Indautxu dagoen eraikinean hain zuzen, Zurbaran auzoan bete zituen bere lehenengo urteak. Hala ere, Deustuko auzoan egin zituen ikasketak eta auzo horri oso lotuta egon da urte guzti hauetan. Izan ere, bere emaztea bertakoa da, ikastetxe berdinekoa, eta gaur egun auzoan bizi dira.
Zuzenbide ikasketak egin arren, politikagintza izan da bere lanbidea. Bilboko politikara heldu baino lehen, Bizkaiko Foru Aldundiarentzat eta Eusko Legebiltzarrarentzat lanean aritu zen. Beraz, eskarmentu handiko politikaria da Aburto. Orain dela lau urte, Bilboko alkate izateko aukera onartu zuen eta denbora honetan egindako lanean sakontzeko aurkeztuko da berriro.
Politikak libre uzten dituen une horietan lagunekin eta familiarekin egoteko erabiltzen ditu. Horrez gain, fogoien artean egotea ere gustukoa du. Izan ere, sukaldaritza da bere zaletasunetariko bat. Horretaz gain, kirolarentzako tartea ere ateratzen du. Uribitarte kaiatik paseo ugari egiten dituela aitortu du. Bilbotik kanpo, ordea, mendietara zein hondartzetara doala ere argitu du.
Kirola egiteaz gain, kirola ikustea ere atsegin du. Athletic zalea, zelaia eta taldea bilbotar guztion ikurra dela ere azaldu du. Emakumezkoen taldea denboraldi honetan San Mamesen eta Anoetan zuzenean ikusten egon dela adierazi du. Berdintasuna eta ikusgarritasuna lortzeko egiten ari diren lana goraipatu du Aburtok.
Kirolaz gain, urtero Bilbon egiten diren ekintzen artean, Aste Nagusia da azpimarratu duena. Guztiontzako lekua dagoen jaia dela azaldu du, ekitaldi desberdinez betea. Jaia heldu baino leheneago Andra Mari egunean berriro dantzatzeko prest dagoela azaldu du, azken urteetan egin duen bezala. Kulturari eta nortasunari keinu hori egitea garrantzitsua dela uste duelako, gero eta hobeto egiten saiatuko dela aitortu du.