Bilbo Hiria irratiarekin elkarlanean abiatu dugu hautagaiekiko elkarrizketa sorta. Ordezkaritza duten alderdietako hautagaiak izango ditugu gurean, eta datozen lau urteko Bilborentzat dituzten proposamenak aztertuko ditugu. Lehenengo hitzordua EAJ alderdiarekin egin dugu eta bertako Juan Mari Aburto Bilboko alkatea berriz aukeratua izateko helburuarekin dabil buru-belarri lanean egun hauetan.
Lau ataletan banatu dugu elkarrizketa, eta gizarte gaiak izan ditugu hizpide lehen-lehenik. Izan ere, langabezi tasa handia dago Bilbon (langabezi tasa 12,8%), 10.000 pertsona gutxiago dago une honetan langabezian. Adierazi duenez, "tasa hori beti izan da altua gure soziologiagatik eta gure estruktura ekonomikoagatik". Behera egin dezan, langabe eta baztertuta dauden pertsonak laguntzeko tokiko plan egitea du helburu Aburto alkategaiak, Lanbiderekin batera, eta urtero 600 lanpostu sortuko dituela nabarmendu du.
Bestetik hiri “atraktiboa” egin behar dela azpimarratu du, inbertsioak erakartzeko, enpresak etortzeko eta “kalitatezko” enplegua sortzeko. Bi proiektu bultzatuko dituzte: Nagusi Intelligence Center eta Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa, Bizkaiko Foru aldundiarekin batera. Auzoei dagokionez “pertsona guztiak erdian” dituen hiri “gero eta koesionatuagoa” izan behar duela uste du Juan Mari Aburto, berarentzat Bilbo “40 piezaz osatutako puzzle bat bezalakoa da eta bertan pieza denek egon behar dute elkartuta”. Auzoak ezberdinak direla onartzen du EAJren hautagaiak, eta zenbait auzorentzat proiektu bereziak prestatzen ari dira, Otxarkoagako formakuntza eta enplegu plana edo San Frantziskoko Auzokizuna proiektua kasu, baina Aburtoren Arabera, “auzo guztietan galdetuta, bizi kalitatea hamarretik zortzikoa dela diote auzokideek, eta beste auzo batera bizitzera joan nahi duten galdetuta, ezetz diote gehienek”.
Zorrotzako trenbidearen lurperatzea oso proiektu garrantzitsua da, eta horregatik Madrilen borrokatu duela esan digu Aburto hautagaiak: “Gaur bertan lizitazioa argitaratu da, eta bertan dio 24 hilabeteko epea dagoela ikerketa egiteko, eta gehiegi da, eraikuntza proiektua atzeratuko delako”, alkatearen konpromisoa proiektu hori ahalik eta lasterren gauzatzea da. Hala ere, hurrengo legealdian oso zaila izango dela trenbidearen lurperatze lanak bukatzea aitortu du.
Deustuko Done Petri plaza batzeko proiektuan ere, Agirre Lehendakaria etorbidetik autoen trafikoa kentzea momentuz oso zaila ikusten du. Beraz, enparantza batzea ezinezkotzat jo du. Aburtoren planak errepidea estutu, mediana kendu eta esapaloiak zabalduko ditu. Horrela, trafikoaren abiadura murriztu eta pertsonentzako leku gehiago egongo da.
Turismo “iraunkorra eta orekatua nahi dutela azpimarratu du” Aburto alkategaiak. Egun hoteletan 8.200 plaza daude egun Bilbon, baina bisitarien kopuruak gora egin duela dio Aburtok, baina are gehiago igo da turisten kopurua, beraz “hotel plaza gehiago behar ditugu” Aburtoren arabera, eta bakoitza bataz beste bi gau gera dadin lortu behar da.
Atxuriko geltokian hotela eraikiko den galdetuta, ezeztatu egin du zurrumurrua: “Eusko Jaurlaritzarena da geltoki hori, eta gustatuko litzaidake auzoarentzako proiektu publikoak egitea bertan”. Bestalde, jaialdi erraldoien ereduarekin jarraituko dutela azpimarratu du hautagaiak, eta Aste Nagusia ere jaialdi erraldoien barruan sartu du. Honekin loturik, Bilboko Konpartsekiko harremanez galdetuta, “denok eduki beharko genuke buruan esparru hori maitasunez kudeatu behar dugula, ez nuke jai eredua aldatu nahi, bai lotura gehiago edukitzea alde bion artean eta horren bitartez, ahal dela, Aste Nagusia hobetzea”, esan du Aburtok.
Azpiegitura erraldoien inguruan ere eman dizkigu azalpenak EAJren hautagaiak. Aburtoren arabera AHTaren etorrera “oso garrantzitsua da lehiakortasuna hobetzeko ezinbestekoa”. Geltokia eta ingurunea lurperatzeak etxebizitza sozialak egiteko aukera emango du. Zorrotzaurrerako proiektuak aipatu ditu Aburtok, Digipen, Kunsthal eta Asfabrik kasu, eta irla bilakatutako erriberan dauden “pertsonak eta etxebizitzak zaindu” behar direla esan du.