Bilbo kalera irten da Bilbao Basketen igoera ospatzeko

uriola.eus 2019ko eka. 4a, 10:39

Bilbao Basket taldea saskibaloiko goreneko kategoriara itzuli da, ACB ligara, denboraldi bikaina egin, playoff-ak gainditu, eta joan den asteburu honetan Bilbao Arenan jokatu den Final Four-ean garaitu ostean.

Jokalariak eta klubeko kideak udaletxeko balkoira atera dira, eta, han, Javier Salgado kapitainak eta Alex Mumbrú entrenatzaileak eskerrak eman dizkiete udaletxe aurrean ospakizunean parte hartzeko bildutako lagunei, eta haiekin ospatu dute lorpena.

Aldez aurretik, Bilboko zinegotziekin egon dira eta Alkateak zorionak eman dizkie saskibaloi-klubeko kideei, "ametsa errealitate bihurtzeagatik, kosta ahala kosta eta zailtasun guztien gainetik, herri honek eta hemengo jendeek bereizgarri dituzten balioak oinarritzat hartuz: esfortzua, konpromisoa, lana eta gorputz eta arima aritzea”. Zaletuak ere zoriondu nahi izan ditu alkateak, “bilbotarrenak diren beste zenbait balio ordezkatzen dituztelako: leialtasuna, babesa, txarto dagoenaren aupada eta harrotasuna”. “Primerako zaletuak, inoiz kale egin ez dutenak eta poztasun hau merezi zutenak”, amaitu du.

Iazko denboraldian, Bilbao Basket jaitsi egin zen LEB ORO ligara; urte bakarrean, Bilboko taldea goreneko kategoriara itzuli da. Bilboko taldea bigarren izan zen ligan, eta, horri esker, igoerako playoff-etara igaro zen, eta Palentzia garaitu. Asteburu honetako Final Four-rean, garaitu egin zuen lehenik Melilla, finalerdietan, eta ondoren Iberojet Palma, finalean.