Sindikatuek 16 hilabete daramatzate Bizkaiko kirol-lokal eta zelaien hitzarmen berria negoziatzen patronalarekin. Langileek aldi-baterakotasunarekin eta partzialitate tasa altuarekin amaitzeko eskatzen dute, eta lan baldintzak hobetzeko neurriak nahi dituzte.
Besteak beste, lanorduak eta kontratuak egonkortzea, urteko gehienezko ordu kopurua murriztea, soldatak hobetzea, atsedenak bermatzea, mugikortasun-plusak ezartzea, ikastaroak prestatzeko beharrezko orduak aintzat hartzea eta betetzen dituzten funtzioei dagozkien kontratuak izatea eskatzen dute.
Asteazkenean berriz elkartu ziren sindikatuak eta Bizkaiko patronala, baina hau proposamenik gabe agertu izana salatu zuten sindikatuek. ELAren esanetan, “CEBEKek erantzun ez izanak asko haserretu ditu beharginak” eta “Bizkaia igerilekurik gabe utzi du”. Euskal sindikatuak adierazi du CEBEKen aitzakiatzat jarri duela udalek ez diotela erantzun, hauek igerilekuen titular izanik.
Argazkia: @ELAsindikatua