"Isun hauekin Udalak mezu argia bidali digu: Ez zaitezte antolatzen saiatu ere egin"

uriola.eus 2019ko eka. 27a, 15:54

Eraginek prentsaurrekoa eman du hiru kideri kartelak pegatzeagatik Udalak jarritako 6750 euroko isuna salatzeko. Zigor "bidegabea" dela esan dute eta Udalari bertan behera uzteko exijitu diote.

Ostalaritzako lan hitzarmenaren inguruko informazioa biltzen zuten kartelak jartzen ari zirela Udaltzaingoak hiru lagun identifikatu zituen urte hasieran. Orain jakin dute 2250 euroko isuna ordaindu behar duela bakoitzak, ia 7000 euro orotara.

Gaur emandako prentsaurrekoan Bilboko Udalari isunak bertan behera uzteko exijitu diote. Azaldu dute ostalaritza indar handia hartzen ari dela "turistifikazio prozesu indartsua jasaten ari den Bilbo honetan", eta "ez dela kasualitatea Bilboko Udalak ostalaritzako langileak antolatzen hasi eta berehala erreprimitu izana". Izan ere, azpimarratu dute "postaleko hiri hau" ezin dela mantendu "gure bizitzak prekarizatzen ez bada".

Gauzak horrela, ez dute Udalaren zigor "bidegabea" onartzen, eta ostalaritzako langileen baldintzak defendatzen jarraituko dutela adierazi dute.