Bizkaia Txapelketa uztailaren 21ean hasiko da, Etxebarrin. Taldeka jokatzen den txapelketa bakarra da. Sei talde eratu dira, Bizkaiko mendi banaren izena hartu dutenak: Oiz, Anboto, Kolitza, Ganekogorta, Sollube eta Gorbeia. Txapelketa hau, bestalde, hiru espezialitatetan jokatzen den lehiaketa bakarra da: buruz burukoan, lau t'erdikoan eta binakakoan.
Bizkaiko bost udalerritan jokatuko da txapelketa: Etxebarrin, Zierbenan, Barakaldon, Ermuan eta Bilbon. Uztailean izango dira txapelketako kanporaketak, eta finala, berriz, abuztuaren 20an egingo da Bizkaia Frontoian.
Bizkaia Txapelketan 24 pilotari arituko dira. Binakako modalitatean: Artola-Albisu, Olaizola II.a - Aretxabaleta, Urrutikoetxea - Mariezkurrena II.a, Altuna III.a - Rezusta, Elezkano II.a - Zabaleta, Ezkurdia-Martija. Lau t'erdikoan: Bakaikoa, Laso, Victor, Jaka, Retegi II.a, Peio Etxeberria. Eta azkenik, buruz buruko modalitatean: Agirre, Arteaga II.a, Urretabizkaia II.a, Dario, Zabala eta Elordi.
Gaur goizean aurkeztu den VIII. Bizkaia Txapelketa Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta hurrengo denboraldian Bizkaia Frontoian jokatuko diren lau txapelketetariko lehenengoa da. Pala eta esku pilota modalitateetakoak izango dira, emakumezkoenak zein gizonezkoenak.