Euskal Museoak, 2019ko garagarrilaren 1etik irailaren 15era, zabalik egongo dan Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak izeneko erakusketea atondu dau, inoiz baino beteagoa, izan be, hainbat barrikuntza txertatu ditue. Museoko klaustroan eta aldi baterako erakusketei jagoken aretoan erakutsiko dira Bilboko Udalak dituan erraldoi eta buruhandien belaunaldi biak; danetara, hogeita lau erraldoi eta hamar txiki dira. Lau metrotik gorakoak dira erraldoiak eta erakusketan izango dira danak, besteak beste, Ingelesa, Emakume bilbotarra, Pitxitxi eta Lina.
Museoko lehen pisuko galerian, Xavier Duarteren argazki erakusketea be egongo da ikusgai: Erraldoien bildumagilea. Artista katalanaren irudiei esker, bisitariek bertatik bertara ezagutuko dabe erraldoien barrualdea.
Horrezaz gan, Bilboko Metroko Zazpikaleak geltokian be hainbat irudi erakutsiko dira, Euskal Museoko erakusketearen lagin legez, hain zuzen be, geltoki horretatik oso hur dago Museoa.
Ondoren, garagarrilaren 3an, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara bitartean, Erraldoien Ondalan Konparseak eta Bizkaiko Gaiteroak taldeak kalejirea egingo dabe Alde Zaharrean; bestalde, garagarrilean, Erraldoiakaz Jantzan izeneko tailerra egingo da Museoko klaustroan.
Ezinbestekoa da figura handi-handi horreen historia taiuz ezagutzea; horregaitik, Museoak eta Bilboko Udalak boltsiko-formatuko argitalpen zabalgarri bat kaleratu dabe alkarlanean, Bilbok gaur egun dituan Erraldoi eta Buruhandi guztien katalogoagaz [ Prezioa: 1€ ].
Museoak udako hilebeteetan publiko guztientzako martxan jarriko dauen lehiaketaz gozetako aukerea be izango da, eta garagarrilean lehen aldiz, dobako bisitak egongo dira erakundeak laster ezagutzera emongo dituan egunetan.
Barrikuntzen artean, bada beste bat: garagarrilaren 10ean, Erraldoiak izeneko liburua aurkeztuko dabe Museoan. Umeentzako liburua, Euskal Museoan dagozan Bilboko Erraldoien gorabehera guztiak dakarzana. Begoña Elorrietak idatzi ditu testuak, eta ilustrazinoak, barriz, Alex Orbek egin ditu. Euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez dagoz testuak.
Aurreko edizinoetan legez, Aste Nagusiak iraun bitartean, erakusketara batuko diran Erraldoiak eta Buruhandiak –1988ko belaunaldikoak– egunero aterako dira Klaustrotik eta kalejirea egingo dabe Bizkaiko Jantzarien Biltzarreko jantzariek eta musikariek lagunduta.
2018an, 50.000 lagun inguru hurreratu ziran Euskal Museora, Bilboko Erraldoiak erakusketea ikustera. Abuztuan bertan, 30.000 lagunetik gora joan ziran Klaustrora, Bilboko personaia horreek ezagutzera.