Soldata igo eta gutxiago kobratu

prestaldizkaria 2019ko uzt. 8a, 09:01

Argazkiak: @ELAsindikatua

Greban jarraitzen dute Domino's Pizzako langileek, soldata eta baldintza hobeak eskatzeko. Ekainean hasi zituzten lanuzteak eta handik gutxira enpresak greban parte hartzeagatik lau langile kaleratu zituela salatu zuten, tartean Ibarrekolandako pizzeriako banatzaile bat. PREST! aldizkarian berarekin egon gara egoera hurbiletik ezagutzeko.

Urte berriarekin batera ekarri zuen PSOEren gobernuak lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera. Horrek aldaketak ekarri zituen Domino’s Pizza katearen langileen kobratzeko eran. Enpresak hitzarmena sinatu zuen UGT eta CCOO sindikatuekin eta, soldata igoera dela-eta, Domino’s Pizzako banatzaileek gehiago kobratzen dute orduko, baina banaketa bakoitzeko plusak kenduta.

Batura berria ez da langileen aldekoa izan eta askok hilean 100 euro gutxiago kobratzen dute orain. Kasurako, 600 euroko soldata batean %16,7ko jaitsiera suposatzen du.

Hori da Iker Fernandez Ibarrekolandako Domino’s Pizzako langilearen kasua. Soldata igoera iritsi aurretik 670 euro kobratzen zituen hilean. Banaketa-gehigarriak kendu zizkioten orduko gehiago kobratzearen truke, eta hilean 550 euro kobratzera igaro zen, ia %18 gutxiago. 

Greba eskubidearen urraketa

Egoera salatzeko lanuzteak egin zituzten Bizkaiko Domino’s Pizzako langileek ekainaren lehen asteburuan. Jarraian, greban parte hartutako lau langileri kaleratze-gutuna iritsi zitzaien. Ekainaren 5ean jaso zuten, baina maiatzaren 19ko datarekin, lanuzteak izan baino lehen. ELAren iritziz, enpresak kaleratzeen eta grebaren arteko lotura ezabatu nahi izan zuen era honetan. Kaleratzeko modua “oso larria” izan dela salatu du sindikatuak eta, ondorioz, bidegabeko kaleratzeen aurkako demandak jarriko dituela azaldu du.

Iker Fernandez, Ibarrekolandako Domino’s Pizzako banatzailea, era horretan kaleratu zuten. Kontratu mugagabea sinatzeko zorian zegoen, baina lanuzteak izan eta hiru egunera kaleratze-gutuna jaso zuen. Horrez gain, lehenengo mobilizazio egunetan enpresak hainbat grebalarien postuak ordeztu zituela salatu dute, zenbait kasutan lanera joandako langileak 12 orduz jarraian lan egitera behartuz. Isabel Garcia ELA-Zerbitzuak ataleko ordezkariak ohartarazi du Domino’s Pizzako jatetxe batean langile bat 13:00etatik 01:00etara egon zela lanean, greba egiten ari zirenak ordezkatzeko. Dagoeneko ELAk bi salaketa jarri ditu lan ikuskaritzan legez kontrako ordezkapenak direla-eta.

Kaleratutako langileak birkontratatzeaz gain, estatu mailako lan-hitzarmena hobetzea eta prekaritatearen aurkako benetako neurriak hartzea eskatzen dute. Horrela azaldu digu Isabel Garciak langileen egoera: “Ez dute lan-egutegirik, soldatak oso prekarioak dira, legeak baimendutako ordu estrak baino askoz gehiago egiten dituzte eta lan baldintzak kaxkarrak dira”. 

Domino’s Pizza Zena taldeak kudeatzen du, Starbucks, Foster’s Hollywood, Burger King eta hainbat enpresa bezala. Garciak esan digun bezala, enpresa ez da sindikatuekin harremanetan jarri oraindik. Bai, ordea, langileekin, “baina langileek jakin badakite hobe dela sindikatuen bitartez negoziatzea”, argitu digu.