Ikasle Abertzaleak erakundeak azaldu duenez, egoitzaren titulartasuna Euskal Ikasleen Erakundea"elkartearen esku dago, eta bertako zuzendaritza taldea urtetan Ikasle Abertzaleakeko militanteek osatu dute. Ikasturte honen hasieran, ordea, egoitza erabiltzen eta kudeatzen dutenei abisurik eman gabe, Sortu alderdiak Euskal Ikasleen Erakundeko zuzendaritza batzordea aldatu zuen, egoitzaren titulartasuna Sortuko kideen izenean jarriz.
"Sortuk egoitza hustu eta epe batean bertatik alde egiteko eskatu zigun. Alderdi Politikoak Estatu Espainiarraren aparatu juridikoak baliatuz egindako mugimenduen eta helarazitako mehatxuei entzungor eginez eta egoitzaren jabe legitimoa Ikasle Abertzaleak antolakundea den heinean, egoitza erabiltzen jarraitu dugu Ikasle Mugimenduarekin eta beste hainbat hezkuntza eragilerekin batera", azaldu dute ohar bidez.
Hala ere, urte osoan egoitza erabiltzen jarraitu arren, uztailean ateko sarraila aldatu dutela salatu dute. Gauzak honela, ezin izan dute hartu bertan zegoen material guztia. Hori dela eta, egoitza eta materiala lapurtu dizkietela salatu dute. Ikasle Abertzaleak antolakundearen eta ikasle mugimenduaren aurkako eraso zuzena izan dela argi utzi dute.
Urrian aipatu zuten bezala, egoitzaren jabe eta erabiltzaile legitimoak direla uste dute. Horregatik, bere defentsa burutzeko determinazio osoa adierazi dute eta lokala berreskuratzeko lanetan jarraituko dutela azaldu dute.
Bere aldetik, Ernai gazte antolakundeak oharra kaleratu du lokalaren kudeaketaren inguruan argipenak emateko. Azaldutakoaren arabera, Ikasle Abertzaleek euren marko estrategikoa konpartitzen ez dutenetik antolakundeari "sostengu logistiko, politiko, ekonomiko eta soziala emateri uztea erabaki zuen militantziaren gehiengo oso batek". Horregatik, ez zaie zilegia iruditzen Ikasle Abertzaleak "estrategia politikoa zein honetan egin beharreko ekarpena elkarbanatu ez eta jabetza materialez baliatzea".
Oharrean argitu nahi izan dute Erronda kaleko egoitza Ezker Abertzalearena den heinean, berari dagokiola "unean uneko estrategiaren arabera, egoitza horren erabilera eta kudeaketa hobesten duen mugimenduen eskuetan uztea", eta, era berean, IA antolakundearen esku ez uztearen erabakian berresten direla adierazi dute.
"Arazoaren hastapenetatik eragile politiko ezberdinen artean oinarrizkoa den errespetuarekin jo genuen Ikasle Abertzakek antolakundearengana. Hainbat saiakera egin genituen mahai baten bueltan erabaki honen kudeaketa adosteko. Tartean, egoitzan gordeta zeukaten materiala itzultzeko prestutasuna adierazi genien. Zoritxarrez, IAk eztabaida eta liskarra modu publiko eta espektakulu eran jorratzeko hautua egin du beste behin ere", argitu dute adierazpenean.