EH Bilduk Bilboko Udal Gobernuari BBK Live jaialdiak lan baldintza duinak ezartzeko neurririk hartzen duen galdetuko dio

uriola.eus 2019ko uzt. 9a, 11:44

Bilboko EH Bilduk BBK Live jaialdira zuzendutako diru-laguntza zein den eta lan baldintza duinak ezartzeko neurririk hartzen duen galdetuko dio Bilboko Udalari. Bilboko EH Bilduk BBK Live-ko VIP sarrerak Uriola eta Naiz Bilbotarra komunikabideei emango dizkie herritarren artean zozkatzeko.

 

Bilboko EH BILDU udal taldeak Bilboko Udal Gobernuari Bilboko Udalak BBK Live jaialdiari zuzendutako diru-laguntza zein den galdetuko dio; izan ere, Jone Goirizelaia bozeramalearen esanetan, “ezinbestekoa da herritar guztiok informazio hori izatea, gardentasuna bermatzeko eta gastuak nora bideratzen diren jakiteko”. Era berean, BBK Live jaialdiko enpresa antolatzaileei langileen lan baldintza duinak bermatzeko neurririk ezartzen dizkien galdetuko dio Bilboko Udal Gobernuari eta, horrez gain, jasangarritasuna zaintzeko eta gure ingurumenean kalterik ez sortzeko baldintzak jartzen diren argitzeko eskatuko du.

Goirizelaiak adierazi duenez, “bilbotarrontzat zenbateko kostua duen jaialdi honek jakin behar dugu, guztion dirua baita”. Era berean, azpimarratu duenez, “diru publikoa erabiltzen den heinean, Bilboko Udalak enpresa antolatzaileei lan baldintza duinak bermatzeko eskatzea beharrezkoa dela uste dugu, jakin badakigu ekitaldi handien ondorioz sortzen diren lanpostuak kasu askotan prekarioak izaten direla eta, BBK Live-n kasuan, salaketak egon dira”. “Gainera, gure ingurumena zaintzeko neurriak exijitzea ere ezinbestekoa da”, gaineratu du

Gure ustez, ekitaldi handi hauek Bilborentzat onak izatea nahi badugu, ezinbestekoa da, diru-laguntzak ematerako orduan, enpresa antolatzaileei baldintzak ezartzea, langileen eskubideei dagokienez eta baita ere ingurumena zaintzeko neurriak”, nabarmendu du. Hortaz, “informazio eskubidea eta gardentasuna bermatzeko”, EH BILDUk informazioa “ahalik eta arinen” jasotzea espero duela adierazi du.

Sarrerak

Bestalde, Goirizelaiak jakinarazi duenez, Bilboko EH BILDUko zinegotziek jasotako BBK Live-ko zortzi VIP sarrerak Uriola eta Naiz Bilbotarra komunikabideei emango dizkiete herritarren artean zozkatzeko; izan ere, sarrera horiek “pribilegio justifika ezina dira eta horregatikedozein bilbotarren mesedetarako izan behar direla uste dugu eta ez soilik zinegotzien edo zenbait kargudunen erabilpen pribaturako”.