Bilboko Udalak, BBK Live jaialdia dela eta, ostalaritzako lokalak ixteko ordua luzatzea erabaki du

uriola.eus 2019ko uzt. 10a, 10:51

Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak uriko ekitaldi eta jai handien kariaz egindako eskariari emandako erantzuna da neurri hori. Hala ere, tabernek urteak daramate auzoetako jaietan neurri hori eman behar dela eskatzen, Udaletik inolako erantzunik jaso gabe.

Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak ostalaritzako lokalak ixteko ordua luzatzeko eskaera egin dio Bilboko Udalari. Egun bereziki seinalatuetan egiten den neurria da, eta gauez irekitseko baimena duten lokalek beste bi orduz irekita egoteko baimena daukate. Honako honetan, BBK Live jaialdia egingo delako aukera hori edukiko dute Bilboko gaueko taberna guztiek.

Luzapen hori ostalaritzako lokal guztiei aplikatuko zaie, “eguneko lokalei”, “osagarriei” eta terrazei izan ezik, hauek bestelako ordutegia dute-eta. Establezimenduen kanpoaldean edariak hartzeko ordutegia ere ez da luzatuko.

Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak uriko ekitaldi handien eta jaien harira egindako eskariari emandako erantzuna da neurri hori eta egun hauetan aplikatuko da:

  • Bilbao BBK Live Jaialdian, uztailaren 11n, 12an eta 13an.
  • Aste Nagusian, abuztuaren 17tik 25era.
  • HALLOWEEN gauean, urriaren 31n.
  • BIME jaialdian, azaroaren 1ean eta 2an.
  • Gabonen aurreko garaian, abenduaren 13an eta 14an.
  • Gabonetan (abenduaren 19tik urtarrilaren 5era, abenduaren 22ko eta 29ko domeketan eta urtarrilaren 1ean izan ezik).

Hala ere, auzoko ostalari txikiek urteak daramatzate neurria bestelakoa izan behar dela eskatzen. Izan ere, egun guzti hauek Bilbo erdian egiten diren jaiekin bat datoz, eta ez auzoko jaiekin. Ostalariek askotan azaldu dutenez, auzoko jaietan tabernak beteta daudenean itxi egin behar dute, eta Udalak proposatutako egunetan, auzoan inor ez dagoenean, zabalik egoteko aukera daukate.