Etxebarria parkea berritu dute

uriola.eus 2019ko uzt. 10a, 12:49

Running ibilbide bat egokitu da, 2,2 km-koa, lehendik parkean bertan zeuden bideak erabiliz. Eta, gainera, 20 habia-kutxa ezarri dira, eta parkearen historia eta parkeko florari eta faunari buruzko informazioa ematen duten panelak ere bai. 

Etxebarriko parkea da Bilboko hiri-parke handiena: 171.797 m2baino gehiago ditu, eta 80ko hamarkadan antzinako siderometalurgia-lantegia desagerturik agitu zen industria-birmoldaketako plan baten ondorioa da, harrezkero uriko birika berdeetako bat bihurtua baitago. Historia horren lekuko moduan utzi zen parkearen erdian ageri den tximinia.

Industriaren garaitik lurzoruan utzitako kutsadura kentzeko lanak amaiturik, Bilboko Udalaren asmoa izan da uriko parkerik handieneko ekipamenduak eta landaretzazko elementuak hobetzea.

Aurtengo udan, parkearen erabiltzaileek Etxebarriko parkerako beren-beregi diseinatutako etzaleku berezi batzuetan gozatu ahal izango dute aisialdia. 40 etzaleku ergonomiko dira, altzairu herdoilgaitzezkoak eta Elondo zurezkoak, eta belarretan ipini dira, eguteran, bai eta ainubean ere, zuhaitz artean. 40 etzaleku ergonomiko dira, altzairu herdoilezinezkoak eta Elondo zurezkoak, eta belarraren gainean ipini dira, eguzki-begian, eta zuhaitz artean, itzaletan, eta beste batzuk behaleku natural batean, Bilboren ikuspegi aparteko batez gozatzeko.

Gainera, 20 habia-kutxa ipini dira parkean han, hor, hemen. Zenbait hegazti, hala nola eliza-txoriak eta uriko beste hegazti batzuk, desagertzen ari dira, habiak egiteko hutsarterik edo lekurik aurkitu ezinik. Hori dela eta, habia-kutxa hauek ezarri dira, batzuk 3 metroko garaieran, zuhaitzen abarretatik eskegita, eta beste batzuk zuhaitz-enborretan, 4-5 metroko garaieran, haize nagusien eta euriaren norabidea kontuan hartuta, hegaztiak erosoago egon daitezen.

Herritarrek txakurrekin usu erabiltzen baitute parkea, Agility gune bat erako lekua gorde da, txakurrak askatasunean gorputz-ariketa egin eta askatasunean lasterka ibil daitezen. Txakurrentzako gunean 250 m2 izango ditu, eta 5 osagai izango ditu txakurrek ariketa egiteko: jauzietarako hesia: tunel zurruna; slaloma; gurpila eta oholesia. Gune hau uda osoan zehar egongo da erabilgai.

Txakurrentzat egokitutako iturri bat ipini da, horrez gain. Pertsonentzat ere bada, baina beheko aldean badu katilu eiteko oinarri bat, eta han edan dezakete txakurrek txorrotako ura, errazki. Iturri berri honekin, parkeak hiru iturri izango ditu guztira, haietako bi parkearen ertzetan, eta bestea erdialdean.

ETXEBARRIKO PARKEKO ZUHAITZ ETA LANDARE BERRIAK

Metroko obrek hartu zituzten lur-sailetan 3 zuhaitz berri eta adierazgarri landatu dira, tximiniaren inguruan, baina tximiniarekin nor garaiago lehiatu gabe. Acer Freemanii, Autumn Blaze, Querbus Robur eta Fagus Sylvatica Purpurea dira hautatutako espezieak; lehendik ere baziren espezie horietako zuhaitzak parkean, eta 25-30 cm arteko kalibrea har dezakete, eta, beraz, zuhaitz handiak izaten dira, eta guztiz egokituak Bilboko klimari.

Halaber, larre apaingarri berri bat sortu da, 609 m2-koa, tamaina eta kolore batzuetako eta besteetako basaloreekin, eta, hala, inguru natural eta ekologiko bat sortu da, non intsektuak eta haiek jaten dituzten txoriak ugari ibiltzen baitira. Horrez gain, parkeko zuhaixka-eremua handitu egin da, parkearen alderdi batzuk eta besteak bereizten dituzten hesiekin, eta, hala, pasealeku naturalak sortu.

Era beran, zuhaixka-masak sortu dira, uhindurak eraginez eta parkeko landaretza-masari bolumena emanez, eta, orobat, bordes-mixed erako landaketak egin dira. Parterreak dira horiek, lorategiak edo beste elementu batzuk inguratzen dituztenak, erraboilak, hosto iraunkorreko landareak, zuhaixkak, arrosa-landareak, landare lastodunak eta urteko landareak nahastuz, guztiak ere urte osoan oso apaingarri gertatu ohi direnak.

Hobekuntza horiek guztiek balio handiagoz hornitzen dute Bilboko parkerik handiena. Horretarako, 150.000 euro inguruko inbertsioa egin da.