Plaza Barriko oholtzara igotzen lehena FLOR DEL FANGO taldea izango da, zapatuan, abuztuaren 17an. Parisko 80ko hamarkadako eszena alternatiboko hainbat taldetatik etorritako musikariz osatuta dago, Mano Negra, Manu Chao, Parabellum, Chihuahua, Mano Solo, Melissmell edo Indochine, besteak beste. Rock-a eta erritmo latinoak nahasten dituzte.
Domekan, abuztuak 18, LOS QUE NO ESCARMIENTAN taldea arituko da oholtzan. Kanaria Handiko Las Palmasen eratua, musika bestelako moldez eta modu berritzailean eginez, estilo berezia eta librea dute. CACO SENANTEk ere izango du aukera oholtzan, Latinoamerikako abesti folklorikoak abestuko ditu. Aspalditik Vicente Borland Panamako piano jotzaile handiarekin aritzen da.
Astelehenean, abuztuaren 19an, ordea, swing-aren zaleek hitzordu garrantzitsua izango dute Bilbon, O´SISTER! taldearen eskutik. Ahozko jazzaren urrezko garaia, Estatu Batuetako 20ko eta 30eko hamarkadetako musika herrikoia, dakarren swing taldea da; garai hartako emakume taldeei eskainitako omenaldia da, The Boswell Sisters taldeari, besteak beste, talde hori aitzindaria izan baitzen ahozko swing-ean. Taldeak lau disko argitaratu eta 300 emanaldi baino gehiago eskaini ditu Estatuko jazz eta swing klub eta jaialdi onenetan, eta birak egin ditu Portugalen, Italian, Grezian, Danimarkan, Suedian, Malaysian eta Estatu Batuetan. Bilbon, O Sister! taldeak kontzertu berezia eskainiko du. Sevillarrekin batera hiru haizeko sekzioa arituko da, eta hiru abeslarien ahots harmonia liluragarriekin eta sekzio erritmiko bikainarekin batera, swingaz eta dantzaz betetako gau handia iragartzen dute.
Martitzenean, abuztuaren 20an, TIN´ DEL BATEY taldeak Kubako erritmoak ekarriko dizkigu. Kubako sonaren sustraiekin leial, orkestra honek musika sinplea eta eskuzabala proposatzen du, eragin anitzez betea, trukean oinarrituta eta dantzaren esanetara. Tin' Del Batey taldearen errepertorioaren originaltasuna konposizioen zaporean eta umorez beteta dauden eta eguneroko jardunaren poesia erakusten duten letretan dago.
Jaien erdira hurbilduta, eguaztenean, abuztuak 21, LINVAL THOMPSON & STRONG LIKE SAMPSON BAND taldea arituko da Bilbo Reggae Splash-en XXVIII. edizioaren barruan (jaialdi hori estatu mailako reggae-musika ekitaldi beteranoena da). Aste Nagusiko reggae-gaua izaten da. Aurtengo protagonista Linval Thompson izango da, Jamaikako eszenako ikono handia. Duela 10 urte Bilbon egon zenetik lehen aldiz itzuliko da Euskadira. 70eko eta 80ko hamarkadetako arrakasta klasikoak eskainiko ditu, abesti berriagoekin batera.
Eguenean, abuztuak 22, FLAMENCO JOVEN izango dugu. Flamenkoak une honetan bizi duen egoera bikaina errebindikatu gura duen ikuskizuna da, arte jondoa inoiz baino biziago dagoela erakutsiz. Horretarako, lehen mailako ensamble flamenko hau eratu du, hogeita hamar urtetik beherako artistekin.
Hurrengo egunean, barikuan, abuztuaren 23an, THE ETTA JAMES EXPERIENCE, taldeak kontzertua eskainiko du Plaza Barrian, Etta James soul-aren eta rhythm & blues-aren artista handiaren omenez. Taldea soularen eta bluesaren arloan ospe handia duten hamabi musikarik osatzen dute, eta festa paregabea eskainiko digute, Aste Nagusiko bariku gauari amaiera emateko. Euren errepertorioan, dantza egitera eramango gaituzten lan klasikoak, Rock Me Baby, Tell Mama edo Something’s Got a Hold on me eta balada ezagunenetako batzuk, At Last edo I’d Rather go Blind, aurkituko ditugu.
Aste Nagusiko gau hauei amaiera emateko, abuztuaren 24an, barikuan, XABI ABURRUZAGA & LAGUNAK IKUSKIZUNAizango dugu. Xabi Aburruzagak bere azken ikuskizuna aurkeztuko du, orain arte argitaratutako 4 diskoak errepasatuz: Bizkaiko Trikitixa (2007), Denboraren Naufrago (2009), Geure (2013) y Keltik (2016). Gainera, une honetan grabatzen ari den “BOST” bosgarren diskoko aleren bat edo beste ere eskainiko digu.