Aste Nagusia 2019

Aste Nagusiko erromerien eszenatokia eta plaza Biribileko txosnak mugituko dituzte hotel berri batengatik

uriola.eus 2019ko uzt. 17a, 14:02

Bilboko Udalak, Jai Batzorde mistoa kontuan hartu gabe, jaigunea aldatuko du NYX Hotel berriari lekua husteko. Hotelaren aurrean jartzen zen eszenatokia Plaza Biribilera mugituko dute eta bertan kokatzen diren txosnak Erripa kaiara joango dira. 

Bilboko konpartsek gaur eguerdiko agerraldian azaldu dutenez, Udalak "bere kabuz eta inori ezer esan gabe", jaigunea aldatzeko erabakia hartu du. Azken urte hauetan, Areatza izan da jaiguneko punturik garrantzitsuena eta bertan egin izan dira ekintza gehienak, Udalak antolatzen dituen kontzertuak barne, esate baterako, erromeriak. Eszenatoki mugikorra Laboral Kutxaren egoitza zaharraren aurrean jartzen zen eta aurten, berriz, Udalak Plaza Biribilera lekualdatzea erabaki du.

Konpartsak kontra agertu dira eta, azaldu dutenez, hotel berriaren irekierak aldaketa eragin du. Urtero, erromeriak jendetza biltzen zuen Areatzan, gaua girotuz, eta hemendik aurrera Plaza Biribilera eramango dute, jaigunetik kanpo. Horrez gain, jaigunearekin zerikusik daukaten erabaki guztiak jai batzorde mistoan erabaki behar direla gogoratu dute, guztien artean egoera zein den aztertzeko eta guztien artean erabaki onena zein den adosteko.

Hotelari lekua egiteko erabakia dela-eta, plaza Biribilean kokatzen ziren txosnak aldatuko dira derrigorrez. Erripan jarriko dituzte, jaigunean hain zuzen, Konpartsen Federakundetik kanpo dauden txosnak. Bertan, konpartsek eta Jai Batzorde mistoak doako ekintzak antolatzen dituzte, eta horiek ere lekuz aldatzera behartuak izango dira. "EAJ-PSE Gobernuak lobby turistikoari eta hotelari bereziki egindako beste fabore bat" dela salatu dute.