San Mameseko kiroldegi berria protesten artean inauguratu dute

uriola.eus 2019ko uzt. 19a, 13:00

Instalazio berriek 4.800 m2 baino gehiago eskaintzen dizkiete bilbotarrei, bereziki Basurtu, Altamira eta Zorrotzako auzokideei. Bilboko polikiroldegietako langileak bertan egon dira protesta egiten lan baldintza duinak lortzeko nahiarekin.

Kiroldegi berriak hainbat areto dauzka, material eta elementurik berrienekin. Ur-eremu berria du, bi igerileku (bata 50 metro luze eta bestea umeentzat) eta wellness espazio bat, saunarekin, bainu turkiarrarekin eta sparekin.

San Mameseko kiroldegia Bilbao Kirolakek urian dauzkan 10 udal kiroldegiei batuko zaie. Ekipazio berri honek Bilboren eskaintza eta udal zerbitzuak hobetzen ditu oro har. Eta, bereziki, Basurtu, Olabeaga, Mazustegi, Altamira, Indautxu, Deustu eta Zorrotza auzoetakoak.

Hala ere, langileen lan baldintzak ez dira batere hobetu urte guzti hauetan. Hori dela eta, langileak greba egunekin eta protestekin hasi dira. Gaur goizean, Alkateak inauguratu duen polikiroldegian egon dira beraien aldarrikapenekin jarraitzen. Lan baldintza duinak eskatzen dituzte, udalak polikiroldegi berria egiten eta besteak berritzen duen bitartean, beraien soldatak ez direla urte hauetan aldatu salatu dute.