Txio bidez salatu du Sare Antifaxistak duela bi egun margoketak egin dituztela Artxandako Oroimen Historikoaren mural antifaxistan. Argazkietan ikus daikteenez, mezu iraingarriak eta 1936ko kolpe antidemokratikoarekin zerikusia dutenak idatzi dituzte muralaren gainean, hala nola "Pasa ginen, eta berriz pasa gara" edo "gorri nazkagarriak, hiltzaileak".
Sare Antifaxistak gogorarazi du duela bi urte antzeko zerbait gertatu zela Aztarna monumentuarekin. Orduan ikur falangista handi bat margotu zioten gudarien omenez egindako oroigarriari. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eraso hori gaitzetsi zuten. Sarearen aburuz baina, "udaletxearen eta klase politikoaren inaktibitateak, nazi-faxisten ekintzak sustatzen ditu", eta bi urte geroago gertaturikoa da horren erakusle bere ustez.