Aste Nagusia 2019

Aste Nagusiko Txikigunea ekintzez beteta dator

uriola.eus 2019ko uzt. 24a, 11:05

Abuztuaren 18tik 25era arte, hau da, domekatik domekara, goizeko 11:00etatik 14:30era eta arratsaldeko 16:30etik 20:00etara arte, 0 eta 12 urte bitarteko neskato-mutikoek bakarrik, lagunekin edo familiakoekin jolasean aritzeko aukera zabala izango dute Bilboko Aste Nagusian Casilda Parkean.

Aste Nagusiko Txikigunea umeen eta familien elkargunea izango da aurten ere. Horretarako, programazio ludiko-pedagogiko zabala diseinatu dute 0 eta 12 urte bitarteko neskato-mutikoentzat jai egunetarako. Txikigunea zabalik egongo da abuztuaren 18tik 25era arte.

Nobedade moduan, Txikigunea, orain arte Casilda Iturrizar parkean eta Pergolan jarri dena, ahateen urmaela dagoen gune ezagunera zabalduko da. “Bilbok berdegune handi bat dauka aire zabalean eta uriaren erdigunean: Casilda Iturrizar parkea. Ahal hori baliatu nahi izan dugu Aste Nagusian eta aurten, gainera, Txikigunea zabaldu eta horko jarduera batzuk ahateen urmaelaren ingurura eraman ditugu.

28 JARDUERA PARKEKO 4 GUNETAN

  • MAITEZITU GUNEA (0-5 urte). Maitasuna eta Heziketa uztartzen dituen gunea da. 5 urtera arteko sein eta umeentzako gunea, ludoteka eta ludobaby edukiko dituena, edoskitze-gunea eta puzgarriak ere bai. Zabuen gunean jarriko da (Teofilo Guiard plaza).
  • POZAKTIBATU (5-12 urte). Poztasunaren eta Aktibotasunaren batuketa da (poza aktibatu). Gune hau José Anselmo Clavé-tik Darío de Regoyos-erainoko kirol kantxetan egongo da, eta 2 eta 12 urte arteko neskato-mutikoentzat izango da. Urak protagonismo handia izango du, zazpi jardueratan egongo baita, esaterako pedalekin eragindako uretako ontziak eta ur-tankea dianarekin. Gargantua ere hemen egongo da.
  • BILZIKLATU (4-12 urte). Bilbo eta Birziklatu kontzeptuen uztarketa da. Udalak ingurumena zaintzeko duen konpromisoa agerian geratzen da espazio honetan. Jasangarritasuna eta birziklatzea dira gaiak. Besteak beste, arrantza, ludoteka sortzailea eta irakurtzeko gunea egongo dira. Parkeko iturri zibernetikoaren ondoan egongo da.
  • ELKARANIZTU (5-12 urte). Elkartasun eta Aniztasun kontzeptuen batuketa da. Parkeko alde berrian, ahateen urmaelean, hainbat jarduera egingo dira: ile-apaindegia eta aurpegia makillatzeko tailerra neskato-mutikoentzat, mozorroak, Txikiguneko irratia, atseden-lekua eta Marijaia Txikiren erakustokia.