Bilbon grabatzen ari diren ‘La línea invisible’ telesailak Euskal Herriko gatazkaren errelato partziala egiten duela salatu dute

uriola.eus 2019ko uzt. 29a, 14:20

Euskal Herriko hainbat txokotan grabatuko dute Mariano Barroso zuzendariaren telesaila, La línea invisible. Euskal Herriko gatazka politikoaren  hasiera 1968an kokatzen du, José Antonio Pardines eta Txabi Etxebarrietaren heriotzaren egunean.

Uztailaren 25ean Bilboko kaleetan hainbat sekuentzia grabatu zituzten. Etxebarrieta Memoria Elkarteko kideak grabaketara bertaratu ziren, filmak errealitatea desitxuratzen duela eta diktadura frankista zuritzen duela salatzera. Gainera, telesailak Etxebarrieta Meliton Manzanasekin alderatzea gaitzetsi zuten, “euskal erresistentzia antifrankistaren ikurretako bat” eta “torturatzaile faxista eta nazien kolaboratzaile bat” plano berean aurkezten dituelako.

Elkarretaratzearen ostean, Euskal Herriko gatazka politikoa 1968. urtea baino lehen hasi zela ziurtatzen duten hainbat dokumentu helarazi zizkieten filmaren produkzio arduradunari. Tartean, Euskal Memoria fundazioaren frankismoaren biktimen datu bilketa, Iratzar Fundazioak argitaratutako Txabi Etxebarrieta. El 68 vasco liburuska, Egiari Zor fundazioaren polizia zein indar armatuek eragindako biktimen datu basea, Gogora institutuak Gerra zibila eta frankismoaren biktimen zerrendatzea eta Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Gerra Zibilaren inguruko ikerketa.