Aurtengo Aste Nagusia izango denaren programazioa aurkeztu dute gaur Arriaga plazan, 28 konpartsotako kideek eta programazioaren atrezzoak lagunduta. Ohi legez, kalitatea, kantitatea, doakotasuna, parte-hartzea eta adin eta gustu denak asetzea bilatu dute Aste Nagusiko ekimenak prestatzean. Konpartsek 500 jai-ekimen baino gehiago programatu dute ate joka dabilen Aste Nagusirako, zehazki 566, Jai Batzorde Mistoaren baitan elkarlanean antolatutakoez gain.
Hala, beste behin, jai-eremua kulturaz eta kirolaz beteko dute, jendearen lanari eta parte-hartzeari esker. Izan ere, "bilbotarrak dira jai erraldoi hauek posible egiten dituztenak" argitu dute.
Etxeko txikiak izango dira jaietako protagonistetako batzuk. Karpatxo eta Mekanitxin pertsonai berriak iaz ibili ziren haiekin, bihurri eta alai. Aurten ere, jaiez gozatu gura duten ume eta gaztetxo denek disfrutatu ahal izango dute hainbat eta hainbat ekintzatan, Karpatxo eta Mekanitxinen eskutik: goitibehera- eta serigrafia-tailerrak, Irrien Lagunen antzezlana, erraldoi izateko Ondalanek eskainiko duen aukera, kartoi-banda eta umeen kalejira, “sortu zure txosna” ekimena, eta txikien saio gastronomikoak, galdu nahi izango ez dituzuen beste batzuen artean.
Programa horri Gargantuaren etorrera gehituko zaio; urteotan Arriagarako bisita egin gabe ibili da erraldoi ume-jatuna. Baina aurten, Mari Jaiaren gonbidapen zuzena jaso du Gargantuak, 165 urte beteko baitu. Hala, prest egongo da hurbilduko diren ume denak irensteko.
Aurten, seigarren urtez, adin denetako bilbotarrek goitibeheren jaitsierari ekin ahal izango diote. Lehenengo igandean, edonork izango du Zabalbide kaleko bihurgunetatik maldan behera botatzeko aukera, errodamenduzko eta egurrezko goitibehera tradizionalez zein Bat Formulakoez. Gainera, Konpartsakidetu! ekimenaren barruan, goitibehera-tailerra izango da helmugan, Kontsuletxearen plazan; bertan, txikienek nork bere goitibehera egin ahal izango dute, egunean bertan jaitsiera txikian estreinatzeko.
Urtero legez, eta Udalak interes pribatuen alde ipinitako oztopoak oztopo, aurten ere beteko dugu Ripako kaia uraren inguruko jarduerez: puzgarriak, waterpoloa, uraren kalitatea, zenbait tailer eta hainbat ezusteko.
Gastronomikoak ere txikientzako zabalduko dira. Aski ezagunak dira gure artean Areatza lapikoz eta koadrilez betetzen dituzten patata-tortilla, txipi, bakailao, marmitako, buztan gisatu eta patatak saltsa berdean, denak ere lehiaketa gastronomikoaren parte. Horrekin batera, ohiko gastrotxiki-gunea izango da, eta baita hainbat dastaketa eta tailer ere.
Horrelako otordu oparo eta mahai-inguru luzeen ostean gorputza astintzeko aukera eta gogoa duenak ere izango du aukera gurean kirolari ekiteko. Badaude parrandarekin maridaje ederra egiten duten ekintzak, hala nola 11 kategoria desberdinetan izena eman duten ia bi mila korrikalarik kolorez jantziko duten Hiri Krosa, berriro ere Ripako oztopoek baldintzatu arren.
Ez da izerdia botatzeko ekimen bakarra, baina: urtetik urtera parte-hartzaile gehiago dute aerobithoiak, kukañak, igel-tokak edo herri-kirolek.
Musika eta kiroletik aparte jaiak ere badirela frogatuko dugu aurten ere, publiko fidela daukaten hainbat ekintza patxadatsuen bidez. Xakea Aste Nagusiko jarduera beteranoetariko bat da, erabat egonkortua; jai-eremuko hainbat gunetan jokatu eta gozatu ahal izango da igandetik aurrera. Iazko xake bizidunaren arrakasta ikusita, aurten historiako xake-partida famatuenetariko bat antzeztuko dute.
Bestalde, mahai-jolasek ere izaten dute bere lekua Aste Nagusian. Igande bietan Blood Bowl, Open Magic eta Warhammer jolas ezagunetan jolastu ahal izango da. Beraz, ez izan zalantzarik: jaitsi zure kartak, taldeak edo armadak eta gozatu! Guztira, konpartsen 566 ekitaldi izango dira, tartean, kontzertu, antzerki-emanaldi eta kultur-proposamen anitz, doakoak dan-danak.