Aste Nagusia 2019

Euskalgunea: jai herrikoi, euskaldun eta parekideen gunea

uriola.eus 2019ko abu. 15a, 14:11

Txori Barrote, Hau Pittu Hau eta Eguzkizaleak konpartsek osotzen dute gunea eta egitarau oparoa prestatu dute Aste Nagusirako. Esne Beltza, Nøgen eta McOnak taldeak igoko dira guneko eszenatokira.

Eguzkizale konpartsaren 30. urte betetzen ditu Aste Nagusi honetan. Hori ospatzeko konpartsa ekologistak, guneko beste konpartsekin adin guztientzeko egitaraua antolatu dute.

Egunero, Txikitxokoa zabalduko dute eguerdian, umeentzako igerilekuarekin. Astelehena egun berezia izango da etxeko txikientzat, Pott eta lagunak antzezlanarekin. Umeak jolasten dauden bitartean, nagusientzako ere prestatu dute zerbait. Izan ere, ordu berean marianito musikatuak hasiko dira, zuzeneko musikarekin.

Gaueko kontzertuei dagokionez, igandean hasiko dira Esne Beltza taldearen zuzenekoarekin. Astelehenean, berriz, McOnak eta Sutan taldeek joko dute. Hurren egunean, La Mare eta Nøgen taldeak girotuko dute guneko gaua. Asteazkenean Enkore eta Dj Elepuntoren txanda izango da. Bukatzeko, ostegunean erromeria egongo da Gora Herria taldearen eskutik.

Hau Pittu Hau konpartsak urtero sari bat banantzen du euskararen alde lan egiten duen erakundeei edota norbanakoei. Aurten, Seaskari emango diote. Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak 4000 ikasle eskolatzen ditu, 36 ikastexe desberdinetan. Iparralden euskararen alde egindako lanarengatik jasoko dute saria.