Astelehenean eman zioten hasiera Bilboko jaietako lehiaketa gastronomikoei eta gaur patata tortillaren txanda iritsi da. Urtero legez, ehunka lagun elkartu dira areatzan tortillak prestatu eta dastatzeko.
Horrez gain, umeentzako tailerrak, txarangak, mus eta xake txapelketak, bertsolariak eta kalejirak izan dira egun osoan zehar. Gainera, arratsaldean bi elkarretaratze egin dituzte. Lehena Txori Barrote konpartsan, igandean Ertzaintzak presoen irudiak kendu izana salatu eta adierazpen askatasuna aldarrikatzeko.
Bigarrena eraso sexisten aurkako kontzentrazioa izan da, areatzako zubian. Bilboko Konpartsek erasoen aurkako protokoloa aktibatu dute jaietan emakumeen aurkako hainbat eraso izan ostean. Mobilizazio jendetsua izan da eta ordezkari politikoek, Marijaiak, txupinerak eta pregoilariak ere parte hartu dute.