Aste Nagusia 2019

Kaskagorrik eraman du aurtengo Kanpaia Saria

uriola.eus 2019ko abu. 21a, 21:18

Asteazkenera heldu gara eta jaien erdia pasa da. Indar falta somatzen den arren, Bilbotarrek oraindik jai gogoak dituzte eta gogotsu azaldu dira jai gunean. Sukaldari lehiaketetan arrainen ordua iritsi da eta Kaskagorri konpartsari txosna politenaren saria eman diote. 

Eguna Basurtuko ospitalean hasi da, urtero bertan gaixorik dauden umeei bisita egiten diete Marijaiak, txupinerak eta pregoilariak. Horiez gain, zirkua ere egon da gaur, akrobazia eta txistekin umeek ederto pasatu dute goiza.

Beste aldetik, jai gunean saskobaloiaren txanda izan da. 3x3 partiduak jokatu dituzte eta txupinera baloia saskiratzera animatu da. Areatzan, berriz, gastronomikoa egon da. Gaur, txipiroien txanda izan da. Pa...Ya Otxarkoagako konpartsak eraman du konpartsen arteko lehenengo saria.

Baina hori ez zen gaurko sari potoloena konpartsentzat. Izan ere, gaur erabaki da zein izan den 28 txosnen artean politena eta itsusiena. Aurten, Kaskagorri konpartsak irabazi du Kanpaia saria. 30 urte bete berri dituen konpartsak bigarren aldiz irabazi du sari hau.

Beste aldetik, pasa den urtean txosna politenaren saria irabazi zuen konpartsak eraman du Eulia saria. Beraz, Uribarri konpartsari egokitu zaio txosna itsusienaren saria.