La Vuelta Bilbora helduko da ostegunean

uriola.eus 2019ko ira. 2a, 13:11
Argazkia: Athletic Club

Bilbon amaituko da La Vueltaren 12. etapa. Irailaren 5ean, arratsaldeko 16:00etan Egirleta errepidetik sartuko da lasterketa hiriburura eta Kale Nagusiko 62. zenbakian amaituko da, Bilboko hainbat barrutitik igaro ostean.

Deustu, Indautxu, Ametzola, Errekalde, Kobetamendi, Basurtu eta Altamira auzoak zeharkatuko ditu honek, zirkulazioan zein garraioan hainbat aldaketa eraginda. Inguru hauetako kale zein aparkalekuak itxita egongo dira 15:30etatik 18:30etara. Horrez gain, Enekuri etorbidea, A8 autobidea San Mamesetik eta Basurtu Kastrexana errepidea ere itxiko dituzte. 

Ostegun arratsaldeko bide ixte garrantzitsuenak Deustun, Abandon, Errekalden eta Basurton izango dira. Garraio publikoan ere eragina izango du. Bilbobuseko linea askok aldaketak sufrituko dituzte. Irailaren 5ean 01 – 10 – 11 – 13 – 18 – 27 – 28 - 38 – 48 – 56 – 57 – 58 – 62 – 71 – 72 – 76 – 77 – 85 – 88 - A3 - A4 - A6 - A7 - A8 eta autobus turistikoa hain zuzen. Gainera, Bizkaibusen eta taxien ibilbideetan ere murrizketak egongo dira. 

Irailaren 6an, ostiralean, 11.30ean hasiko dute txirrindulariek 13. etapa. San Mameseko aparkalekutik sartuko dira estadiora eta zelaira; itzulia emango diote jokalekuari. Ostean, Los Machucoserantz (Kantabria) abiatuko dira. Era berean, zirkulaziorako bideak itxiko dira goizeko 08:30etatik 13:30era, Felipe Sarrate eta Urkixo Zumarkalearen artean baita Luis Briñas kalea ere.